Kontu ekonomikoen, eskolako matrikulazio datuen eta bestelako datu orokorren berri eman ondoren, Soraluzeko Musika Eskolak aurten izango dituen berezitasunen berri eman zuten eskolako ordezkariek martitzenean, eskolaren urteko batzarrean.
Bestelakoen artean, jakinarazi zuten aurten, egoera hobetu bitartean, behintzat, baztertu egingo dituztela formatu handiko kontzertuak. Haien lekuan, formatu txikikoak egingo dituzte, bi hilabetetik behin-edo, ikasleek piezak landuta izan ahala. Musika tantak izenburuarekin, asmoa da ikasleek euren senitartekoen aurrean interpretatzea landutakoa.
Kontzertuekin segituz, Nagore Sanz zuzendariak jakinarazi zuen Gaztelupeko Hotsak-ek azaroko Blues Jaialdian parte hartzeko gonbidapena egin diela musika eskolako ikasleei; eskola aztertzen ari da ikasle helduek bertan parte hartzeko aukera.
Zuzendaritzako kide berriak
Jakinarazi zuten, baita ere, aurten ez dela matrikularik izan tronpetan, tronboian eta bonbardinoan; horren ondorioz, eskaintza kendu egin dute. Aldiz, biolontxeloa ikasteko eskaerak izan direla-eta, aurten instrumentu hori ikasteko aukera izango da.
Eta bestelakoen artean, eskolako zuzendaritzako bi kide berritu zituzten, presidentea (Nora Basauri) eta diruzaina (Naiara Beretxinaga). Bozketa bitartez, haien ordezko izateko Ane Ugalde eta Lorea de Castro aukeratu zituzten eskolako bazkideek.