Maider Gabilondo: “Oraingo honetan harrigarriena izan da horrenbeste lurrikara egotea jarraian”

Ubane Madera Zangitu 2020ko urr. 1a, 09:55
Maider Gabilondo gaur goizean, Iruñean.

Bart gauean lo gutxi egin dute iruindar eta inguruko askok. 30 lurrikara baino gehiagok astindu dute Nafarroa. Handiena gauerdian gertatutakoa izan da, 4,6 magnitudekoa; Lizoainen izan du epizentroa eta Gipuzkoako hainbat puntutan ere igarri da. Joan den astetik 100 lurrikara kontatu dituzte Nafarroan. Maider Gabilondo (Soraluze, 1973) Iruñean bizi da; dio ez duela beldurrik, kezka, ordea, bai. “Gaur, bat bukatu orduko beste bat eta beste bat eta beste bat… izan dira”. 

- Askotan izaten dituzue lurrikarak…
- Bai, hemen Iruñeko Faila dago eta sarri mugitzen da. Iruñera lehen aldiz etorri nintzenean haluzinatu egin nuen. Gero ohitu egiten zara. Oraingo honetan, berriz, harigarriena izan da horrenbeste lurrikara egotea jarraian.

- Beldurra pasatzen da?
- Normalean ikara bat izaten da eta gero gelditu egiten da. Badakigu ez dela gehiago gertatuko. Beldur handiagoa izaten da Costa Rica, Guatemala… moduko lekuetan zarenean, han ez dakizu zer gerta daitekeen. Hemen, ikara eta gelditu. Baina kezka badut, ze gauean, bat bukatu orduko beste bat eta beste bat eta beste bat… izan dira; lo gutxi egin dugu gaur. Gure kasuan umea lo zegoen eta dardarak esnatu egin du. 

- Zer da igartzen dena?
- Ohea mugitu egiten da, eta entzuten da zarata bat, fondoko burrundara moduko bat, kamioi handi bat balitz moduan baina fuerteagoa… Eta txakur guztiek zaunka eta zaunka pasa dute gaua. Kili-kolo dauden gauzak jausi egiten dira, baina bestela ez da beste ezer gertatzen. 

- Geologoek diote normala dela…
- Teoria batek dio presengatik edo urtegiengatik ote den, orain euria ari duela haiek betetzen ari direlako. Beste batzuek diote ez dela horrela. 1900dik daude lurrikarak eta orduan ez zegoen urtegirik… 

- Gaurkoa izan da fuerteena, ala?
- Egun hauetan gertatu direnetatik bai. Bi aste daramagu lurrikarekin, baina ez ziren asko igartzen. Gaurko erritmorik ez dugu izan orain arte (barre). Iruñeko faila Donibane Lohitzunetik Lizarraraino heltzen da. Beti zona beretan sentitzen dira mugimenduak. Gaur beste berriketarik ez dago kalean. Gaurko Sare sozialetan demaseko katxondeoa izan da gauean: Ederra urtea 2020a: pandemia, lurrikara…