“Ekimen bateratuak bultzatzeko” hitzarmena sinatu dute Debabarreneko BPTDk eta Debagoieneko Enpresarek

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 30a, 14:04
Eduardo Zubiaurre eta Xabier Berastegi, hitzarmena sinatzen. Argazkia: Debegesa.

Debabarreneko Basque Precision Technology District Enpresa Elkarteak eta Debagoieneko Enpresare enpresa-sareak lankidetza-hitzarmena sinatu dute asteon. Helburua da Debabarrena eta Debagoiena eskualdeei balioa emango dioten ekimen bateratuak bultzatzea. Sinadura ekitaldian Eduardo Zubiaurre (BPTD) eta Xabier Berastegi (Enpresare) izan ziren.

“Hainbat hilabeteko bileren ondoren, BPTD Enpresa Elkarteak eta Enpresarek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Debabarrena eta Debagoiena eskualdeei balioa emango dioten ekimen bateratuak bultzatzeko”. Halaxe jakinarazi dute Debegesatik, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartetik bidalitako prentsa oharrean.  

Helarazitako xehetasunen arabera, hitzarmenaren bitartez lortu nahi dena da bi taldeetako enpresek osatzen duten industria-sarearen lehiakortasuna indartu. 

"Doitasun-teknologien erreferente"

Sinatze ekitaldian BPTD elkarteko presidente Eduardo Zubiaurre izan zen. Hark azpimarratutakoaren arabera, “aliantza estrategikoa” da sinatu duten hitzarmena: “Gure Distrituko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen dugu industria-jarduera lurralde-ongizatearen iturri gisa berritzeko”. Zubiaurreren esanetan, hitzarmen horrek “distritua doitasun-teknologien erreferente gisa kokatzen lagunduko digu”. 

"Balio berbreak"

Enpresare, berriz, Bergarako eta inguruko 21 enpresa biltzen dituen sarea da. Bertako koordinatzaile Juan Bautista Ayerbek ere balioan jarri ditu enpresa-elkarteen arteko lankidetza-hitzarmenak. Uztailean bertan azpimarratu zuen hori, Goiena Komunikazio Taldeak argitaratu zuenez: “(…) Beste uztartze foro batzuk egiten ditugu Gipuzkoan dauden beste enpresa sare batzuekin; Debabarrenean sortu den BPTD [Basque Precision Technology District] ekimenean integratuko gara, gure balio berberak partekatzen dituztelako eta bi sareon artean beti egongo delako gauza gehiago egiteko aukera”.