'Ez da kasualitatea' bertso musikatuen emanaldia zapatuan

Egoitz Unamuno 2020ko ira. 30a, 08:00
'Ez da kasualitatea'-ren saio bat Lasarten. Argazkia: Txintxarri.eus.

Herriko bertsozale talde batek antolatuta eta Udalak lagunduta, zapatu arratsaldean Ez da kasualitatea bertso musikatuen emanaldia eskainiko dute antzokian. 

Bertsotan, Onintza Enbeitak, Ane Zuazubiskarrek, Nerea Ibarzabalek eta Ane Labakak jardungo dute, Maite Berriozabal gai jartzaileak gidatuta. Musika, berriz, Ixak Arrutik eta Araitz Bizkarrek jarriko diete, biolinarekin eta gitarrarekin.  

Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da antzokian eta sarrerak ordu erdi lehenago jarriko dituzte salgai sarreran bertan, 5 euroko prezioan. Aretoan 90 ikuslerentzako lekua izango da.

Plaentxia.eus-ek hiru sarrera bikoitz zozkatuko ditu, gaur eta bihar zozketan izena ematen duten herritar guztien artean.  

Emakumezkoak kantari

"Ez da kasualitatea": umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa da. Lau bertsolarirekin batera bi musikari aritu ohi dira (saxoa+gitarra edo biolina + gitarra). Lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Hortik datorkio izena eta izana: "oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten". Ekimenaren sortzaileen helburua da "noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere ateratzea". Bitartean, emakumezkoen saioak "intentzio osoz" antolatzen jarraitzen dute. 

Herriko bertsozaleek, aurtengo abuztuan Ez da kasualitatea formatuarekin Ondarroan egindako saio bateko bertsoaldi hau gomendatu dute, muestra modura.