Denboran atzera, 'Erase una vez…Euskadi' pelikularen eskutik

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 29a, 18:03

Atzera ere, 80-90eko hamarkadara egin du salto Soraluzek. Oraingoan, Erase una vez…Euskadi pelikularen eskutik. Goizetik dihardute erdi-erdian, Plaza Berrian grabatzen. Besteak beste, elkarretaratze bat irudikatu dute. Horretarako, gaurkoan figurante asko erabili dituzte, gehienak bizkaitarrak. 1981eko automobil eta guzti gerturatu da horietako bat.

Bisitari ugari dabiltza gaur Soraluzen, pelikularako etorritakoak. 80ko hamarkadaz jantzita, Plaza Berrian eta Kalebarrenen ari dira lanean goiz eta arratsalde. Gehienak dira Bizkaitik etorritakoak, baina bada bat edo beste Bergaratik eta Oñatitik etorri denik ere.

Patxi Amezaga getxoztarra, berriz, automobil eta guzti etorri da: 1981ko R12 bat, udaletxeko aldapan egon da aparkatuta egun osoan. Getxotik ekarri du ibilgailua eta kontatu duenez, auto klasiko gehiago ere baditu: R6 bat, Diane, 1991ko polo bat…

Gaur, besteak beste, presoen aldeko elkarretaratze bat irudikatu dute, ikurrinekin, argazkiekin eta bestelako atrezzoarekin.