Kontzertu bikaina

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 28a, 11:12

Zapatuan, kalitate handiko ikuskizuna eskaini zuen Hamaika Buru Txistu Elkarteak antzokian. Kontzertu arina izan zen, kantu ederrekin eta berriekin eta askotariko erritmoekin: boleroa, baltsa, kalejira, dantza… Gainera, 100 urte bete berri dituen Merzedin Erzillari eskaini zioten doinuetako bat, gaurko bideoan entzungai dagoena. 

Zapatu iluntzean, txistu eta piano doinuekin gozatu ederra hartu zuten Herri Antzokira bertaratu ziren ikusleak. Jasone Akizu ondarrutarra zuzendari zela, kontzertu bikaina eskaini zuen Hamaika Buru Txistu Elkarteak, Bilbao Musika Eskolako irakasle eta ikasle direnak. Lagun izan zituzten German Ereña danbor-jole eibartarra eta Domentx Uzin (txistularia) eta Edurne Orbea (silbote-jolea) soraluzetarrak. 

Gainera, detaile polita izan zuten, Aitona Txomin izeneko biribilketa eskaini baitzioten 100 urte bete berri dituen Merzedin Erzilla soraluzetarrari. Domentx Uzinek esplikatu zuen moduan, urte hauetan guztietan txistulariak Merzedinen etxepetik pasatzen diren aldiro irteten zen hura balkoira haiek entzutera, “horregatik guretzat izango da amama Merzeditas eta keinu txiki honekin, zorionak bere 100. urtebetetzean”. 

'Plaentxia.eus' atarian egunero pieza bat

Konturatu orduko ailegatu zen kontzertuaren amaiera. Hala ere, antzokian esan zen moduan, “han etxean baino hobeto ginelakoan”, pieza estra batzuk eskaini zituzten musikariek. Horri esker, asebeteta eta gustura etxeratu ziren ikusle guztiak.

Pena bakarra izan zen: ikusle kopurua. 13 lagun besterik ez zen bertaratu kontzertua ikustera. 

Edozelan ere, kontzertura bertaratzeko aukerarik izan ez zutenek, Plaentxia.eus atarian izango dute kontzertuko doinuak entzuteko aukera, datozen egunotan, egunero argitaratuko baita bertan eskainitako piezaren bat.