Zubiaurre eta Letona: “Konfinamenduan %120a eman genuen, nekatuta gaude eta ez dugu atsedenik izan”

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 25a, 18:29
Ana Zubiaurre eta Lourdes Letona medikuak, anbulatorioan.

Arloko sindikatu guztiek deituta, protestak egiten hasi dira osasun profesional asko. Joan den astean, elkarretaratzeak egin zituzten anbulatorioen kanpoko aldean. Gaur, barikua, bigarren protesta egin dute, ospitaleen sarreretan. Soraluzeko anbulatorioko mediku Lourdes Letona eta Ana Zubiaurre medikuek esplikatu dituzte protesta egiteko arrazoiak.

"Orain dela bizpahiru urte hasi ginen protestan, ez ziguten kasurik egin"

 

Agintariek diote ez dela mobilizatzeko une aproposa.
Eurentzat sekula ez da une egokia. Gu lehenago hasi ginen mobilizatzen. Orain dela bizpahiru urte hainbat greba egun egin genituen, baina ez ziguten kasurik egin. Baliabide gabezia, lehen mailako arretarako aurrekontu jaitsiera, ordezkorik eza, gertu dagoen belaunaldi aldaketa betetzeko MIR  plazarik deitu ez izana... Hori guztia salatu genuen orduan. Aurten, bajak ere ez dira betetzen ari. Gainera, aurten, oporraldia urria aurretik hartzeko eskatu digute, pentsatuz pandemiaren bigarren olatua urrian etorriko litzatekeela; beraz, oporrak ere baldintzatu dizkigute. 

 

 

Beraz, baldintzek okerrera egin dute?
Bai. Adibide bat bakarrik: egoera ikusita, lankide asko ari dira aurre-erretiro paperak betetzen eta hori gure lanbidean ez da oso ohikoa izaten. Orain arte, askok luzatu ere egiten zuten lan-adina. 

"Pediatrian egoera oso serioa da"

Zer da beharrezkoena?
Langileak, batik bat lehen mailan eta pediatrian. Hor egoera oso serioa da. Sasoi batean helburua zen familia-medikuek egitea umeen azterketa arruntak eta bakarrik ospitalera bideratu espezialista lanak. Pediatrak formatzeari laga zioten. Ikusi zutenean helburua ez zela bideragarria, ja berandu zen; orain ez dago pediatra nahikorik. Gainera, formatzen diren pediatra askok nahiago dute anbulatorioan baino ospitalean lan egin. Baldintzengatik.

Zelan ikusten duzue egoera?
Oso txarto. Bigarren olatua urrirako aurreikusten zen eta begira. Bagentozen egoera gogor batetik, konfinamenduan %120a eman genuen, nekatuta gaude eta ez dugu uste zen atsedenik izan; pandemiaren bigarren olatua urrirako aurreikusten zen eta begira noiz etorri zaigun. Gainera, hala ere, ez dute ordezkorik ipini. Adibidez, Soraluzeko egoitzako medikua bajaz da uztailetik eta oraindik ez dute ordezkorik ipini. Guk ematen dugu arreta hori ere. Bestalde nik (Ana) Elgoibarko egoitzara ere joan behar izaten dut, eta halakoetan, anbulatorioan bat gutxiagorekin geratzen dira. Gainera, arreta telefonikoaren sistemak lan handitzea ekarri du. Kontsulta gehiago daude eta hainbat kasutan, kontsulta telefonikoaz aparte, herritar asko aurrez aurre ere ikusten ditugu; beraz, askotan kontsulta bikoiztu egiten zaigu.

"Ez dute mediku nahikoa formatu"

 

Baina hau guztia urte askotako aurreikuspen faltaren ondorioa da. Ez dute mediku nahikoa formatu. Medizinan, sei urteko karreraren ondoren, BAMEn (MIRrean) lau urte egin behar dira espezialitatea egiteko. Baina askotan ez dituzte guztientzako nahikoa hautaketa plaza deitzen. Horren ondorioz, mediku asko geratzen dira lan egin ezinean, nahiz eta ikasketak bukatuta izan. 

"Mendaron, datorren urterako gertu egongo diren lau mediku bakarrik ari dira formatzen"

Horrekin batera, esan beharko litzateke, baita ere, familia-medikuek zulo asko estaltzen dituztela: etxez etxeko ospitalizazioa egiten dute; egoitzetako mediku dira; kasu askotan, anbulatorioetako pediatra ere bai; PAC guneetan egoten dira ospitaleko larrialdietarako sarbide dira… Mendaron, datorren urtean lanerako gertu egongo diren lau mediku bakarrik ari dira formatzen orain, BAMEn. Bailara honetan zer egiten dugu bakarrik lau medikurekin belaunaldi aldaketa betetzeko? Oso egoera konplikatua da.