Astelehenean, 19:30ean (lehen deia 19:00etan) hasiko da musika eskolako batzar nagusia, Herriko Antzokian, segurtasun neurriak ziurtatzeko. Halakoetan ohi denez, ikasturteko memoria, plangintza eta diru-kontuak landuko dira. Oraingo honetan, baita zuzendaritzako bi kideren aldaketa ere: Nora Basauri presidentearena eta Ezozi Arrillaga presidente-ordearena.
Botoa etxetik
Haien ordezkoak aukeratzeko, bilerara bertaratzen diren edo botoa delegatzen duten bazkide guztiek izango dute botoa emateko aukera. Hori bai, familia bakoitzeko boto bakarra eman daiteke eta COVID-19 dela-eta, botoa etxetik eraman beharra dago.
Behin kide berriak aukeratuta, bi urterako hartuko dute kargua bi bazkideek. Zuzendaritzako kideek hilero izaten dute batzarra. Asteleheneko batzarrean aukeratuko direnekin batera, Nagore Sanz zuzendaria, Udal ordezkari bat, ikasleen ordezkari bat eta hainbat irakasle elkartu eta batik bat, musika eskolaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzte.
Astelehenean bertan jakinaraziko dute zeintzuk diren ordezkari berriak.