Bertan behera geratu da aurtengo Gaztañerre azoka

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 25a, 09:34

Hainbat baserritar, artisau eta erakundeetako ordezkari atzoko batzarrean.

Aurten ez da Gaztañerre azokarik egingo. Atzo, eguena, halaxe erabaki zuten baserritarrek, artisauek, Udaleko eta Debemeneko ordezkariek egindako batzarrean. Azokarengatik baino, azoka-egun horrek jende ugari erakartzen duela-eta hartu zuten erabaki hori. Edozelan ere, Gaztañerre azoka ez egiteak herriko baserritarrei eta artisauei ekarriko dien galera zelanbait konpentsatzeko, Udala gertu dago, ekoizleek nahi duten aldiro, azoka bereziak antolatzeko. 

Gaztañerre azoka, Soraluzeko egun kuttunetako bat, bertan behera geratu da. Azokako antolatzaileek eta azokan parte hartzen duten baserritar eta artisauetako askok hori erabaki zuten atzo, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuten batzarrean. Txurruka, San Andres eta Irure auzoetako hainbat baserritar izan ziren bertan, baita herriko hainbat artisau ere eta Udaleko eta Debemeneko ordezkariak ere bai.

Atzo hartutako erabakia ez zen erraza izan, ekoizleendako urteko azokarik onena baita Gaztañerrekoa. Gainera, azoka bertan behera lagatzearen erabakia ez da etorri azokarengatik berarengatik, baizik eta azokaren aitzakian Gaztañerre egunera gerturatzen den herritar eta bisitari  ugariak saihesteko, egungo pandemia egoerak jende-pilatzeak saihestea eskatzen duelako. 

Jai guztiak bertan behera

Eta hori, hainbat baserritarren ustez, ez da bidezkoa: “Egun horretan herrian egingo diren bazkariak direla-eta, guk ezin izango dugu urteko azokarik onena egin, urte guztian lan eta lan ibili ondoren; hori ez da bidezkoa. Gainera, egun horretan, berdin egingo dira bazkariak-eta, nahiz eta azoka ez egon; hori ere kontrolatu egingo duzue?”, galdetu zuten.

Iker Aldazabal alkateak, besteak beste, erantzun zuen esanez ulertzen duela ekoizleendako galera handia dela Gaztañerre azoka ez egitea; adierazi zuen, konpentsazio modura, Udalak beharrezko baliabide guztiak ipiniko dituela baserritarrek eta artisauek egoki ikusten dituzten aparteko azokak antolatzeko:  “Aurten, herriko jai guztiak bertan behera laga ditugu, baina ohiko jaien ordez, kudeatzeko errazagoak diren ekitaldi txikiagoak antolatu ditugu. Horri esker, ez da jende-pilatzerik egon jaietan eta ez da ezer gertatu. Azokekin berdin egin daiteke. Gertu gaude zuei gure esku dauden baliabide guztiak lagatzeko, egoki ikusten duzuen aldiro, herrian azoka bereziak antolatzeko. Azoka txikiagoak, kudeatzeko errazago direnak eta Gaztañerre egunak duen dei-efekturik izango ez dutenak”.

Azkenean, halaxe adostu zuten, nahiz eta erabakia gazi-gozoa eta guztien gustukoa ez izan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.