Udazkenarekin batera, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen ariketa erraldoia abiatuko da Soraluzen eta Euskal Herri osoan. Atzo arratsaldean, Bergarako Semirixoan egin zuten izen-ematearen irekiera ofiziala.
Egoera berezia den arren, Euskaraldiaren antolatzaileek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, aurrera egitea erabaki dute, “pandemia garaian ere, euskararen erabilera sozialaren gaia erdigunera ekartzea” beharrezkoa dela iritzita.
Soraluzen, Pil-pileanek, Udalak eta hainbat boluntariok osatzen duten Euskaraldiaren antolaketa batzordeak antolatuko du ariketa.
Izena-ematea digitalki edo aurrez aurre
Aurten, osasun egoera dela eta, antolatzaileek hobetsi dute izena digitalki emateko aukera eta horretarako Euskaraldia.eus webgunean sartu behar da eta bertan datuak bete (dagoeneko zabalik dago). Datozen egunetan, aurreko edizioan parte hartu zuten herritarrek mezu bat jasoko dute bere posta elektronikoan eta bertan agertuko den loturan klik eginda, eman ahalko dute izena, datuak berriro sartu beharrik izan izan gabe, eta gainera, rola edo daturen bat aldatzeko aukera ere eskainiko du.
Izena paperean eman nahi duten soraluzetarrek Euskaraldiko batzordeak Santa Ana kalean zabaldu duen lokalera jo beharko dute. Hasierako hiru asteotan, lokala ostegun eta ostiraletan zabalduko dute, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Aurrerago, asteko egun gehiagotan eta ordutegi zabalagoan irekiko dute lokala, besteak beste, azaroan, izena eman duten herritar guztiek bertan jasoko dituztelako txapak.
Metodologia berbera: Belarriprest eta Ahobizi
Bigarren edizio honetan erabiliko den metodologia, 2018an erabili zen berbera da: herritarrek Belarriprest eta Ahobizi moduan eman ahalko dute izena eta ariketak irauten duen bitartean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, hamabost egunez (lehen edizioan baino lau egun gehiagoz), herritar bakoitzak aukeratu duen rolari dagokion txapa eroango du paparrean, eta noski, izena eman ahal izateko, gutxieneko baldintza izango da euskara ulertzeko gai izatea, bestela ezinezkoa baita bi roletako bakar bat ere bete ahal izatea. Horretaz gain, oraingoan ere, 16 urtetik gorako herritarrek bakarrik eman ahalko dute izena.
Entitateetan ‘Ariguneak’
Aurtengo edizioan, norbanakoez gain, entitateek ere eman ahalko dute izena, Euskaraldia datorrenean, ariketa euren langile edo kideen artean, edota bezeroekin egin ahalko izateko. Horretarako, Ariguneak izendatu ahalko dituzte, gune horretan euskaraz lasai egin ahalko dela ziurtatuko dutenak.
Herrian dagoeneko 25 entitatek eman dute izena, gehienak komertzioak. Batzordetik azaldu dutenez, osasun egoera dela eta entitateei egin beharreko aurkezpenak atzeratu egin dira eta enpresa batzuetara bisitak egin dituzten arren, komertzioak lehenetsi dituzte. Horrela, entitateen izen-emate ofiziala irailaren 27an amaituko bada ere, datozen asteetan, batzordeko boluntarioek informazioa zabaltzen jarraituko dute, batez ere, lantegietan eta kirol eta kultur elkarteetan. Horren harira, urriaren 8an, egunean, arratsaldeko 18:30ean, entitateei zuzendutako informazio saioa eskainiko dute antzokian.