Pelikulakoak zirelakoan…

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 24a, 14:27

Eguazteneko Taldeko hainbat kide Plaza Berriko iturrian freskatzen, atzo, eguaztena.

Eguaztena. 14:00ak. Udaletxeko aldapatik gora. Plaza Berrira begiratu, eta… hara! Bost gizonezko kanpotar, ia galtzontzilotan, guztiak Plaza Berriko iturri-askan hankak, bizkarrak, aurpegiak… freskatzen. Torre, Juan Luis, Jose Luis, Txiki eta Urtubi dira erretratukoak. Noski, ezin aguantatu eta galdetu egin behar: 

-Zuek zer, pelikulakoak zarete?
- Eeeez, pelikulakoak hor goian dabiltza. Gu mendira etorri gara.
- Mendira? Nora?
- Hona, Dolmenen Ibilbidera. Sei orduko mendi-buelta egin dogu. San Andrestik igo, Irukurutzetara joan, Karakatera eta buelta. Politte izan da. Orain, onena hauxe da: mendi-buelta egin, plazara etorri eta hemen freskatu! Errekia hoba da, baina…
- Nondik etorri zarete?
- Gernikatik, Muxikatik, Kortezubitik eta Lumotik. 13 etorri gara. Baina 14-20 gara taldien.
- Zelatan izan duzue ba honen berri?
- Lehen ere eginda dekie honek Karakateko buelta, elurregaz, 2014an. Febreruan, Irimo-Gorla-Elosumendi-Karakate egin genuen, elurretan. Gauzarik polittena, baina, hona etorri eta uretan freskatzie da (barre).
- Izenik badaukazue?
- Eguazteneko Taldea.
- Sarri irteten zarete mendira, hortaz?
- Eguaztenero. Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ibilten gara. Bestean, joan zen astean egon ginen Lunbierren (Nafarroa). 
- Datorren astean zer tokatzen da?
- Taldeko batek esaten dosku programazioa, GPSarekin ibiltzen da…
- Taldean denak gizonezkoak zarete?
- Ez, andrazkoren bat badago.
- Ederki! Plaentxia.eus-en agertuko zarete! Eskerrik asko eta ondo segi!
- Bardin!

Gaur, herritar batek baino gehiago galdetu du atzoko kuadrila xelebrearengatik eta atzo izan zen eurei zuzenean galdetu zien herritarrik ere. Behin etorri eta danok enterau! Badakizue: Herri txiki…

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.