100 urte bete dituela-eta, primeran eta pozik

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 23a, 12:46

Gaur, irailak 23, 100 urte bete ditu Ertzillanekua edo Merzedines izenarekin ezaguna den Mercedes Pintado soraluzetarrak eta egun berezi honetan alboan izan ditu bere lau seme-alabak, suhi-errainak eta Inazio anaia. Opari ugari jaso ditu, besteak beste, Iker Aldazabal alkatearena eta Itxaropena Erretiratuen Elkarteko ordezkariena. Pozik dago Merzedines 100 urte bete dituelako. Zer moduz? galdetuta, Primeran! erantzun du.

Lore sorta, orkidea, zapi dotorea, bonboiak… Opari ugari jaso ditu Mercedes Pintadok, jaio zeneko 100. urteurrenean.

1920ko irailaren 23an jaio zen, Ertzillanian. Soraluzen hazi eta Soraluzen bizi izan da beti, gerran Sestaora babes bila joan behar izan zuteneko tartean izan ezik. “16 urterekin joan ginen; gerra akabatu zenean, buelta Plazentziara”, dio. Izan ere, Merzedinek ondo gogoan du gerra sasoia. 

"Beti aldarte onean"

Osterantzean, gaur poza antzematen zitzaion. Berak behin eta berriro azpimarratu du: “100 urte bete ditut, eh?”. Eta zelan zegoen galdetzean, indartsu erantzun du: “Primeran!”. Izan ere, aldarte onekoa da eta izan da beti Mercedes Pintado. Jabier suhiak esan duen moduan, “sekula ez dut ikusi inorekin haserre; beti dago aldarte onean, beti umoretsu”. 

Egun berezi honetan, Donostiatik, Gasteiztik, Eibartik eta Errioxatik etorri zaizkio seme-alabak. Suhi-errainak ere bai. Anaia Inazio ere ondoan izan du. Opariak ekarri dizkiote, batarenak eta bestearenak. Iker Aldazabal alkatea  joan zaio bisitan, orkidea batekin eta herriko oroigarri batekin “Soraluzeko herriak Mercedesi” esaldia zuena. Eta Itxaropena elkarteko ordezkariek ere eman diote erretiratuen izenean oparia, zapi dotorea. 

Merzedinek eskerronez hartu ditu guztiak, baina batik bat senideekin eta bisitariekin ibili da pozik, guztien berri jakin nahian. Bagozkoitikoekin (Boskoitxi baserria) ere akordatu da, hangoa zuen-eta senarra. Mesedeetako egoitzaren pare-parean dago Boskoitxi, eta hango bizilagunak ere balkoira atera zaizkio Merzedinesi, zorionak opatzera. 

Kantua eta bertsoa

Goiza borobiltzeko, Kaxianoren Zorionak kantua abestu diote, (berak ere abestu du) eta seme-alabek idatzitako bertso bat ere bai. Honakoa:

Izatez plaentxiarra
jaio Ertzillanian,
ehunera iritsi da
alaitasunian.
Zorionak, muxu bat
denon izenian,
ondo ospa ezazu
konpaini onian.

Asko maite zaitugu!