'Arrantzan' eta 'Iluntzea, Muskiz' argazkiak irabazle

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 21a, 18:29
'Iluntzea, Muskiz'. Argazkia: Angel Garcia.

Arrantzan izenburua duen argazkiak irabazi du Udako Argazki Lehiaketako aurtengo Herritarren saria, 65 boto eskuratuta. Harrigarriena da, ordea, argazkilariak 11 urte besterik ez dituela, izan ere, Enara Garitanok ateratako argazkia da. Sari nagusia, berriz, Angel Garciaren Iluntzea, Muskiz argazkiak eskuratu du.

Abuztuan dago aterata, Arrantzan argazkia, Conillen (Cadiz), 21:00-21:30ak bitartean. "Argazkia aita Mikeli eta ahizpa Maleni atera zien Enarak. Kasualitatez bidali nuen lehiaketara. Asko gustatu zitzaidan eta bidaltzea erabaki nuen, eta begira!", dio Toñi Gomezek, Enararen amak, argazkiak Herritarren saria eskuratu duela jakitean.

Herritarrek, guztira, 696 boto bidali dituzte lehian zeuden 100 argazkiengatik eta Arrantzan argazkiak eskuratu ditu gehien: 65. Egotzako gazta eramango du opari Enara Garitanok argazkiari esker.

Sari nagusian, Muskiz

Bestalde, argazki lehiaketako epaimahaiaren arabera, Sari Nagusia Iluntzea, Muskiz argazkiak eskuratu du. Argazkiaren egilea Angel Garcia Martinez da eta uztailaren 1ean atera zuen erretratua, La Arena hondartzan, Muskizen. Bi pertsonaren siluetak eta ilunabarra erakusten ditu.

Batik bat argazkiaren kalitatea eta edertasuna baloratu ditu epaimahaiak argazkia aukeratzerakoan. Txurruka jatetxean bi lagunendako otordua eramango du opari Angel Garciak.

Zorionak, bi irabazleei eta eskerrik asko guztiei parte hartzearren. Gogoan izan partaide guztiek Pil-pileanen autorako pegatina eskuratu duzuela lehiaketan parte hartzearren. Komunikabidearen bulegoan eskura dezakezue, bihartik aurrera.