Iraila | Efemerideak II

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 20a, 09:05

Ufala Zubi Nagusitik ikusita, Gabolats aldera, 1953. Argazkia: Sorapedia.

Agiri zaharretan agertzen den lehen ufala, Sologoengo zentrala, Francisco Franco eta Alfredo Placencia, besteak beste, protagonista dira iraileko urteurrenen bigarren sorta honetan.

Irailaren 14

1553 urtean ufala izan zen Soraluzen, kalte handiak sortuz. Garaiko agiriek jasotzen duten moduan: ...urte hartako irailaren 14an, Gurutze Santuaren Gorespena jaian, bota zuen aguaduchoak (sic) kalte handiak egin zituen sagarrondoetan, boronatan (sic) eta presatan. 

Urte horretakoa da agiri zaharretan agertzen den lehen ufala. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 15 

1875ko irailak 15an Alfredo Placencia Jáuregui jaio zen, Jalostotitlán (Jalisco) herrian. 
Abade eta poeta, askoren ustetan Mexikoko poeta katoliko onena omen zen. 1930/05/20an hil zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

 


Irailaren 15 

1941ko Francisco Franco jeneralak SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. 
SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zeukan, baita lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 19 

1876 urtean, Espainiako gobernuaren eskaera bati erantzunez, Udalak gutuna bidali zion Soraluzeko armarriaren nundik norakoekin. Gainera, gutun bertan zigilua ere estanpatu zuen, Gobernuak hobeto ikustkeo eta ulertzeko.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 19 

1991 urtean, alkatea Luis Felipe Galarraga zela, Sologoeneko zentral berritua martxan jarri zen. 
Zentral zaharra Soraluzeko Udalak 1965 urtean erosi zuen, Jose Luis Larrañaga alkate zela. Hogeita lau urte geroago, 1989ko abenduaren 28an, Energiaren Euskal Erakundeak eta Soraluzeko Udalak Sologoeneko Zentral Hidroelektrikoa (Central Hidroeléctrica Sologoen S.A sozietate publikoa) eratu zuten, eskritura publiko bitartez. Elkarte honek zentrala berritu eta ustiatu du 2017 urte arte. Ordutik hona Soraluzeko Udala da zentralaren jaun eta jabe. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 20 

1812 urtean, Rouget jeneral frantziarrak, Bizkaitik Gasteizera zihoala 2.000 gizonekin, Longa gerrilariaren gudari saldoa ustekabean harrapatu zuen Soraluzen. 
Sakabanatu baino lehen lau hildako eta hiru atxilotu egin zizkion. Atxilotuetako bati, teniente koronela bera, oso gutun garrantzitsuak hartu zizkioten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.