Berriro ere zabalduko dute Intxixu Pub taberna

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 18a, 09:14
Pub Intxixu taberna itxita, atzo, eguena.

Astelehenean, irailaren 21ean, berriro ere zabalduko dute Intxixu Pub taberna. Ernesto Oregi tabernaren kudeatzaileak esandakoaren arabera, taberna bat ezin da horrenbeste denboran itxita izan, gero hura berriro zabaltzeko asmoa bada. Itxita segituz gero, taberna laga egin beharko luke. 

Hilabetez itxita izan ondoren, astelehenean zabalduko dute berriro ere Pub Intxixu taberna. Lege aholkularitzara jo eta bertan esandakoei kasu eginez erabaki du Ernesto Oregik taberna atzera ere zabaltzea. 

12 bat ordu egunero

“Esan didatenez, taberna ezin da horrenbeste denboran itxita izan. Itxita segituz gero, ezingo nuke berriro zabaldu. Hortaz, hiru aukera nituen: taberna betiko laga, neu ere ERTEan sartu edo taberna zabaldu eta lanera bueltatu”.

Azken bidea aukeratu du Oregik, erretirorako bi urte geratzen zaizkiola-eta. “Autonomoa naiz eta ezin naiz lehenago erretiratu”, esplikatu du.

Hori bai, oso baldintza gogorretan bueltatuko da lanera: “Hemen diharduen beste zerbitzaria ERTEan dago. Beraz, neu bakarrik ibiliko naiz lanean. Egunero 12-13 lanordu egin beharko ditut, astean zazpi egunez”. 

Honako ordutegia dauka Pub Intxixuk: 11:30etik 15:00ak arte eta 17:00etatik itxi arte.