Pentsiodunen mugimendua bat dator osasun profesionalen protestarekin

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 17a, 18:29

Bihar, 13:00etan, elkarretaratzea dago deituta osasun arloan. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Lehen Mailako Arreta zerbitzuetako profesionalak deitu dituzte protestara. Herrian, anbulatorioko hainbat langilek bat egingo dute deialdiarekin eta Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi du eurek ere babesten dutela osasun profesionalen protesta.

Bihar, barikua, 13:00etan anbulatorio aurrean elkarretaratzea eginez gauzatuko dute protesta osasun arloko profesionalek. Salatu nahi dute dute osasun arloan inbertsioa handitzeko “borondate politikorik ezak” eragin dituela bertan “murrizketak, arretaren kalitate galera eta lan-baldintzak arautzeko adostasun falta”.

Eskaerak

Protestaren bitartez eskatuko dute osasun arlora bideratutako inbertsioa handitzea, lantaldea handitzea eta egonkortzea, arloan egindako pribatizazioak lehengoratzea, langileei ezarritako “murrizketak” ezabatzea eta langile guztien “osasuna eta segurtasuna” bermatzeko beharrezko neurriak. 

Biharko protestaz gainera, datorren barikurako beste bat deitu dute, ospitaleen sarreretan; eta urrian manifestazioa, Bilbon.