Datorren astean zabalduko dituzte ludoteka eta gaztelekua

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 17a, 09:15
Hezitzaileak eta hainbat ume ludotekan.

Irailaren 21ean, astelehena, zabalduko dute ludoteka eta irailaren 25ean, berriz, gaztelekua. Aurten, pandemiaren egoerara egokitutako funtzionamendua izango dute bi udal azpiegiturek. Guztia azaltzeko, bihar, barikua, batzarra egingo dute umeak ludotekara bidali nahi dituzten gurasoekin eta astelehenean, gaztelekukoen gurasoekin.

Ezohiko egoera bizi arren, orain arte seme-alabak ludotekara bidali dituzten guraso ia guztiek erakutsi dute interesa aurten ere udal zerbitzu hori erabiltzeko. Bihar, barikua, egingo dute haiekin batzarra Udal ludotekako arduradunek, 18:00etan, Herri Antzokian.

Batzarrean esplikatuko diete zeintzuk izango diren udal ludotekan aurten errespetatu beharreko baldintzak, pandemia egoerarengatik ezarritakoak. 

Astean behin

Adibidez, aurten, talde bakoitzeko umeak astean behin bakarrik bertaratu ahal izango dira ludotekara; orain arte, astean birritan joaten ziren. Horrez gain, eskolan sortutako burbuilak edo talde berak errespetatuko dituzte ludotekan.

Zerbitzua zabaldu, berriz, astelehenean zabalduko dute, 16:30ean. Ordutegia honakoa izango da: 16:30etik 17:55era eta 18:10etik 19:30era. Talde batetik bestera, ordu laurden izango dute hezitzaileek ludoteka desinfektatzeko. 

Barikuro bi talde

Antzerako funtzionamendua izango du gaztelekuak. Hura ere gelaka banatuko dute, lau taldetan. Taldeak txandaka antolatu eta bariku bakoitzero bi talde bertaratuko dira. Gaztelekuko erabiltzaileen gurasoei astelehenean, irailaren 21ean, esplikatuko dizkiete xehetasunak, 18:00etan, Herriko Antzokian.

Gaztelekuari dagokionez, irailaren 25ean, barikua, zabalduko dute.