“SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok iragartzen dugu euskal osasungintza konfliktoan sartzen dela eta konfliktoa handitzen joango dela harik eta arazo sakonei aurre egiten ez zaien bitartean, haiek konpontzeko interesarekin”.
Berba horiekin iragarri dute barikutik aurrera osasun arloko profesionalak mobilizatzen hasiko direla. Barikuan, elkarretaratzeak deitu dituzte Lehen Mailako Arreta zerbitzu guztietan, 13:00etan. Irailaren 25ean, berriz, gauza bera egingo dute, “ospitale guztien sarreretan”. Azkenik, urriaren 3an, manifestazioa egingo dute, Bilbon.
Eskaerak
Bost eskaera zehatz egiten dizkiote Eusko Jaurlaritzari:
- 1- Osasun publikoaren “aurrekontua Europar Batasunaren batezbestekora parekatzea”, Lehen Mailako Arretara “%25a bideratuz”.
- 2- “Lantaldea handitzea, iruzurpean ezkutatuta dagoen egiturazko lantaldea baliatuta”. Eta aldi baterako langileak “kontsolidatzea”, lantaldea “egonkortzeko eta saihesteko diru publikoarekin Osakidetzak hezitako profesionalak” beste norabait joan daitezen.
- 3- “Murrizketa guztiak” ezabatzea. “Eros ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, aurre-erretirorako primak eta 2009tik berritu ez den akordio berria negoziatzea”.
- 4- Pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzea, lanpostuei eutsita.
- 5- Osasun arloko profesionalen “osasuna eta segurtasuna” bermatzeko neurriak: babes materiala, lan arriskuen balorazioa, prebentziorako neurriak…
Erantzule zuzenak
Mobilizazioak babesten dituzten zazpi sindikatuek salatzen dute osasun arloan inbertsioa handitzeko “borondate politikorik ezak” eragin dituela “murrizketak, arretaren kalitate galera eta lan-baldintzak arautzeko adostasun falta”, azken 11 urteotan berritu ez den akordioa.
Osasun sailburu berriari zein Eusko Jaurlaritzari zuzendu dizkiote eskaerak. Eurak egiten dituzte osasun zerbitzu publikoa eta osasun arloko profesionalen lan-baldintzak “hondatu izanaren erantzule bakar”.