Gobernuekin “desengainua”

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 15a, 13:08
Pentsioen aldeko atzoko elkarretaratzea.

Atzo, astelehena, 40 bat lagunek bat egin zuen pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzearekin. Besteak beste, jakinarazi zuten “desengainua” hartu dutela “bi urtez gobernu berriak izan ondoren ez direlako hartu haiek agindutako erabakiak Pentsio Publiko duinen Sistema Publikoa bermatzeko”. Borrokan segitzeko asmo sendoa partekatu zuten.

Atzoko elkarretaratzean, jakinarazi zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Toledoko Itunaren presidente Magdalena Valeriorekin batzartu berri dela eta batzar hori lortzea izan dela “orain dela bi urte eta bederatzi hilabetetik” egiten ari diren “mobilizazioen ondorioa”. 

Horrekin batera, baina, salatu zuten Toledoko Ituneko bilerak egiten hasi direla “pentsioetan egindako murrizketak gainditu gabe, gutxieneko pentsioa nabarmen hobetu gabe eta aurrekontuak arauz bermatu gabe”.

Gaineratu zutenez, Magdalena Valerio ministroak esandakoa kontuan hartuta, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren “premiazko eta funtsezko aldarrikapen gehienak Toledoko Ituneko akordio hurbiletik kanpo” gelditzen direla.

"Gehiago egitera behartuta"

Hori horrela, jakinarazi zuten alderdiei dei egingo dietela “edukiz hutsik dauden gomendioak sina ez ditzaten”. Oro har, uste dute “Toledoko Itunean dauden alderdi politikoak eta bereziki Estatuko gobernua dutenak askoz gehiago egitera behartuta” daudela. “Desengainua hartzen dugu bi urtez gobernu berriak izan ondoren ez direlako hartu haiek agindutako erabakiak Pentsio Publiko duinen Sistema Publikoa bermatzeko”. 

Bukatzeko, adierazi zuten EAEko zein Nafarroako Pentsiodunen Mugimendua ez dela geratuko “besoak gurutzatuta gertakarien zain (…). “Kalean jarraituko dugu, azken 33 hilabeteetan egin dugun bezala, gure helburuak lortu arte”.