Auto batek su hartu du sahiesbidean eta pertsona bat zauritu da

Egoitz Unamuno 2020ko ira. 14a, 22:09
Autoa sutan, saihesbidean.

Gaueko 21:45 aldera, auto batek su hartu du Soraluzeko saihesbidean eta hamar minutuz sutan izan da, suhiltzaileak etorri eta itzali duten arte. Ertzaintzak Plaentxia.eus-i jakinarazi dionez, pertsona bat zauritu da.  

Ertzainak istripuaren lekura heldu direnean, pertsona bat aurkitu dute zaurituta. Ondoren, pertsona hori ospitalera bidali dute anbulantzian baina Ertzaintzak ez du eman zaurituaren egoeraren gaineko xehetasunik. 

Autoa sutan izan den minutuetan, sugarrak oso handiak izan dira, eta tarteka leherketaren bat edo beste ere entzun da. Ertzainen ostean, suhiltzaileak bi kamioitan iritsi dira istripua gertatu den lekura eta berehala itzali dute sugarretan bilduta zegoen autoa.

Hasieran, Ertzaintzak errepidearen errail bat itxi du Eibarko norabidean, eta oraindik ere Ertzainek trafikoa bideratzen jarraitzen duten arren, errepidearen bi errailak zabalik daude.