Martitzenerako deitutako grebak eragina izango du Plaentxi Eskolan

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 12a, 12:43

Plaentxi Eskola kanpoko aldetik.

Plaentxi Eskolako zuzendaritzak atzo, barikua, jakinarazi zuenez, datorren martitzenerako hezkuntza arloan deituta dagoen greba deialdiak eragina izango du eskolaren “eguneroko jardunean”. Horrekin batera, ohartarazi dute ez dela jantokiko zerbitzurik izango, “begirale guztiek greba deialdiarekin bat egiten dutelako”. Aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua da grebaren leloa.

Aurrez aurreko ikasturte hasiera “segurua eta adostua” izatea, “ezarri duten protokoloa aldatuta”.

Horixe eskatzen dute datorren martitzenerako greba deitu duten hezkuntza arloko sindikatuek. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek.

Guztiekadostutako oharrean salatzen dutenez, Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenetik, “2020/2021 ikasturte seguru bat bermatzeko neurri zein baliabide planifikazio batean zentratzeko” eskaera egiten aritu dira sindikatuok, gaineratuz baliabide eta neurri horiek elkarrekin adostutakoak izan behar direla.

Eskaera zehatzak

Hori egin ordez, “aldebakarreko eta adostu gabeko” erabakiak hartu izana egosten diote Hezkuntza Sailari, baita ere “ikasturte berriari begirako planifikazioan ikastetxeek ardura osoa bere gain hartu behar izan dutela”.

Egoera salatzeko greba deitzeaz bat, sindikatuek honako eskaerak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari:

  • Interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea langileon ordezkariokin itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko, sektorez sektore, kolektiboz kolektibo.
  • Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta lantaldeak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan.

  • Langile guztientzat protokoloak jasotzen dituen NBEak (EPIak) ikastetxeetan ahalik eta lasterren egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan.

  • Pertsonako 3 metro koadroko eta 1,5 metroko distantzia egotea bermatzea, ikasgeletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik.

  • Sorturiko arrakala sozioekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea.

  • Ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea.

  • Curriculumaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz.

  • Egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea.

  • Kontziliaziorako baimen ordainduak