Itxi egingo dute Itxaropena elkarteko taberna

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 11a, 18:31
Igor Gomez Itxaropenako tabernan, gaur, barikua.

Astelehenetik, itxita izango da Itxaropena Erretiratuen Elkarteko taberna. Zerbitzuaren kudeatzaileak Udalari jakinarazi dio, arrazoi pertsonalak tarteko, lagatzera doala tabernaren kudeaketa. Orain, zerbitzua lehiaketara ateratzeko pleguak lantzen ari da Udala, lizitazio-prozesua ahalik eta lasterren abiarazteko. 

Itxaropena Erretiratuen Elkarteko tabernaren lizitaziorako pleguak eta baldintzak gertu izan bezain laster, haien berri emango du Udalak, lehiaketa publikoa antolatuko du eta epea zabalduko du taberna kudeatzeko interesa dutenek izenak eman ditzaten. 

Gainerako zerbitzuak zabalik

Patricia Borinagak, Gizarte Ongizate saileko batzordeburuak esan duenez, Itxaropena Erretiratuen Elkarteko taberna itxiko bada ere, elkarteko gainerako zerbitzuek zabalik segituko dute. 

Bestalde, elkarte gastronomikoa ere badagoenez, datozen egunotan, batzarra egingo du Itxaropena elkarteko zuzendaritzak, elkartea erabiltzen segitzeko aukera lantzeko, nahiz eta barra itxita izan.  

Soraluzeko Udalak 2014en adjudikatu zion Igor Gomezi Itxaropena Erretiratuen Elkarteko tabernaren kudeaketa. Gaur (barikua) eta etzi (domeka) taberna zabalik egongo da. Astelehenean itxiko ditu ateak, behin-behinerako.