Noraezean dauden errefuxiatuei laguntzeko larrialdi deia

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 11a, 11:44
Moriako hainbat errefuxiatu jatekoa eskuratzeko ilada egiten. Argazkia: Zaporeak.

Moriako (Grezia) errefuxiatu kanpalekua kiskali eta bi egunetara, bertan bizi ziren 12.000 pertsonek noraezean segitzen dute, jan-edanik gabe, non lo egin ez dutela. Haiei laguntasuna emateko larrialdi deia egin du bertan lanean diharduen Zaporeak Gobernuz Kanpoko Elkarteak. 

Oso egoera larrian daude Moriako (Lesbos irla) kanpalekuan bizi ziren milaka errefuxiatuak. 3.000 lagun hartzeko prestatutako kanpalekuan 12.000 pertsona baino gehiago bizi ziren, haien herenak umeak eta gazteak.

Orain dela bi egun kanpalekua kiskali zitzaien, eta harrezkero, noraezean daude, errepide bazterrean, jatekorik eta edatekorik gabe, non lo egin ere ez dutela.

Atzo, 3.300 otordu

Han egunero jaten ematen duen Zaporeak GKE elkarteak atzo arratsaldean, eguena, honakoa salatu zuen: “Arratsaldeko banaketa, 3.300 otordu. Militarrak Moria berritu nahien, tokiko biztanleak ekintza hor saihesteko asmo irmoarekin errepideak ixten, pertsona errefuxiatuak erpin guztietatik harrapatuta eta babesgabe”.

Oraingoz, Moriako errefuxiatuek gobernuz kanpokoen laguntza besterik ez dute. Zaporeak elkarteak jakinarazi du haiei jaten ematen segitzeko asmoa duela. Hori egin ahal izateko laguntza eskatuz larrialdi deia egin du. Hiru bide eman ditu laguntasuna helarazteko.

Transferentzia egiteko
Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322


Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880

Bizum egiteko
Zaporeak Proiektua   –   00435

Lesbos irlako kanpalekuan koronabirus kasuak baieztatu ondoren sortutako protesten ondotik piztu ziren su txikiak Moria kanpalekuan; haiek handi bilakatu ziren, kanpaleku osoa kiskaltzeraino.