Astelehen eguerdian egin zioten Institutuko irakasle bati PCR proba. Institutuko zuzendari Edurne Burgoak jakinarazitakoaren arabera, astelehena ikasturte hasiera zen eta astelehenean bertan etxeratu zen irakaslea. Horri esker, irakasle horrek ez du inolako kontakturik izan institutuko ikasleekin. Bai, ordea, gainerako irakasleekin.
Segurtasun distantziarik ez
Gainera, ikastetxean egiten ari diren zaharberritze obrak direla-eta, modulu batean birkokatu behar izan dute irakasleen gela, eta han, nahiz eta langile guztiak maskara jantzita egon, ezin dute elkarren arteko segurtasun distantziarik gorde, ez baitute espazio nahikorik horretarako.
Hori dela-eta eta osasun publikoko zuzendariak horrela aginduta, ikastetxea itxi egin dute, prebentiboki.
Oraindik ez dakite noiz arte egongo den institutua itxita. Izan ere, positibo eman duen irakaslearekin kontaktu zuzena izan duten lankideen zerrendako kideei PCR probak egingo dizkietela espero dute Institutuko zuzendaritzakoek. Beraz, gutxienez, haiek egin eta haien emaitza jakin arte itxita izango da institutua.