“Denen artean” erabakiko dute multikirola egin edo ez

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 9a, 13:42
Hainbat ume eskola kirolean. Artxiboa.

COVID-19aren pandemia dela-eta, zalantzan dago multikirola edo eskola kirola abiatuko den. Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu du “eskola kirola pandemia egoerara egokitzea”. Bestela esanda, egitea gomendatzen du baina oso neurri zorrotzak bete beharko lirateke egin ahal izateko. Hori dela eta, eskola kirolean inplikatuta dauden alde guztien artean (Udal Kiroldegia, Plaentxi Eskola eta Atxolin Guraso Elkartea) erabakiko dute zer egin.

Aurtengo eskola kirolaren baitan, kontaktu fisiko bako entrenamenduak eta jarduerak mantentzea proposatu du Gipuzkoako Diputazioko Kultura eta Kirol Departamentuak. 

"Ondorio kaltegarriak"

Oro har, Foru Aldundiak uste du kirol jarduerak erabat murrizteak “ondorio psikologikoak” dituela eta “kalte” egiten diola “ongizate emozionalari”, eta, batzuetan, “ondorio kaltegarriak” eragiten dituela, “gazteen aisialdia eta gizarte harremanak kirola bezain onuragarriak ez diren eta birusa kutsatzeko arrisku askoz handiagoa duten jardueretara” bideratzen baitira, “opor garaian ikusi ahal izan denez”. 

Aldi berean, baina, eskola kirola abiatu ahal izateko, neurri oso zorrotzak bete beharko direla ohartarazi du. Adibidez: talde txikiagoak osatu, distantziak errespetatu, osasun arduraduna izendatu, aldagelak ezin dira erabili, partidurik ezin dira jokatu, elkarren arteko kontakturik ezin da izan…

“Adibidez, iaz, 40 umeko talde bat izan genuen; orain, hori ezinezkoa izango zen, talde horrekin hiruzpalau talde osatu beharko genuke. Bestalde, ezinezkoa litzateke talde bakoitzak astean bi saio egitea, asko jota bakarra egin ahal izango litzateke…Gainera, orai  indarrean dago protokolo jakin bat eta posible da datorren astean aldatzea. Oso zaila da”, dio Maria Gallastegi Kirol teknikariak.  

Herri bakoitzak berea

Eskola kirola abiatuz gero, urrian hastea planteatzen da. Edozelan ere, egoera aztertzen ari dira Udaleko kirol ordezkariak, eskolakoak eta guraso elkartea.

Gallastegik esan duenez, erabakia herri bakoitzak hartuko du bere kabuz eta herri batek erabakitzen duenak ez du eraginik izango gainerako herrien erabakietan.