Iraila | Efemerideak I

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 13a, 09:05
Soraluzen eraikitako lurrun-kamioia.

Arribiribilleta zutarria zutik jarri zutenekoa, Placencia lokomotoraren gainekoak, 1598an izan zen baztanga izurritea, Soraluzen eraikitako lurrun-kamioiaren gaineko kontakizuna, Manuel Maiztegi hil zenekoa eta iraileko bestelako urteurrenak ekarri dituzte gogora Sorapediako lankideek.

Irailaren 1a

Kopraixak San Martzialen, iraileko lehen asteburuan. 
Sasoi batean San Emeterio eta San Zeledonio jaia martxoak 3an ospatzen zen, burua moztu zieten eguna. Baina 1669 urtean abuztuak 30ra aldatu zuen. Osintxun ere Sa Emeterio eta San Zeledonio ospatzen zutenez, 1701 urtean soraluzetarrak eta osintxuarrak bildu ziren: Osintxuko jaiak abuztuko azken igandean ospatzea erabaki zuten, eta San Martzialeko kopraixak, berriz, astebete geroxeago, iraileko lehen domekan hain zuzen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 

Irailaren 2a

1598an Izarreko jaun-andreen ordezkariek auzitara jo zuten, Sebastián de Jauregui zirujauak aurkeztutako faktura ez ordaintzearren. 
Sebastiánek eskatzen zuenez, 51 aldiz joan zitzaien baserriraino, botika eta janariekin. Besteok ezetz, eta lekukoak aurkeztu zituzten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 3a

2014an zutik jarri zuten berriro Arribiribilleta zutarria. 
Urteetan trikuharria zela uste bazen ere, 2012 urtean Aranzadiko Manu Ceberio eta Jexux Tapia arkeologoek indusketak egin zituzten, eta zutarria zela antzeman. Bi urte geroago, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailak altxatu zuen, harriaren azpian eta inguruan miaketak egin eta gero. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 4a

1902 urtean Placencia lokomotora Durango-Zumarraga trenbidetik erretiratu zuten betiko. 
1.890 urtean hasita, hamabi urteetan Placencia lokomotora atzera eta aurrera ibili zen, Maltzaga eta Zumarraga artean. Baina, lokomotora berriak erosi zituztenez, lokomotora Igartua y Gaminde bitartekariari saldu zioten, 28.209 pezetatan; eta honek Sociedad Minera de Villaodrid elkarteari pasa zion. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 5a

1600 urtean hiribilduko alkatearen eta eskribauaren aurrean Aseguinolaza batxilerrak Sologuen familiaren kontuak hustu zituen. 
Kontu luzeak eta adierazgarriak ziren; alde batetik, Sologuendarrak herriko familia aberatsenetakoa zelako; eta bestetik, 1598ko izurriteak familia ia osoa eruan zuelako, Pero de Saloguen umea ezik. Ume hau eta bere aña urtebete baino gehiago kaiolaratuta izan zituzten, "konfinamientuan". 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 5a

1971ko irailaren 5ean izan zen bizkarrean kanposantura eruandako azken hildakoa; ordutik aurrera hil-ibilgailua erabili izan da. 

Sasoi batean, inor hiltzen zenean etxean egiten zioten gaubeila, errezotan batzuetan eta ipoñatan bestetan; jana eta edana ere ez ziren faltatzen. Biharamonean, lau edo sei lagunek hilkutxa bizkarrean hartu eta parrokiara eramaten zuten, senide, lagun eta auzokoek lagunduta. 
Hileta elizkizunak ordaindutako diruaren araberakoak ziren. Ostean segizioak kanposantuko bideak hartzen zuen, hilkutxa berriro ere bizkarrean. Mezetara joandako gehienak kanposantura gerturatzen ziren. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 
Irailaren 6a

1745 urtean Juan Francisco de Manrique y Arana jaunak, Capitán General de los Reales Ejércitos de Su Magestad, testamentua eman zuen Soraluzen. 
Villa Alegreko markesaren anaia omen zen eta, segururena, zahartzaroan familia aldera jo zuen. Gogoratu Villa Alegreko markesak XX mende arte ondasun ugari izan zituela Soraluzen: Txara azpian (gaur egungo kiroldegiko esparrua), Sagar Erreka... 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)
 
Irailaren 6a

Irimo mendigainean (Urretxu), 1931an, Euskal Herriko mendi elkarteek Karlos Linazisoro soraluzetarra (1889-1965) omendu zuten. 
Jeltzalea eta mendizalea izateaz gain, antolatzailea ere bazen. Federación Vasco-Navarra de Alpinismo sortzeko bileran parte hartu zuen (Elgeta, 1924ko maiatzak 18an), eta gero bere lehendakaria izendatu zuten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 8a

Arrateko erromeria. Sasoi batean Soraluzetik jende asko joaten ziren egun pasa: lagun-taldeak, familiak... eta tabernariren bat bere txosna montatzeko (Submarino tabernako Kalixto lehen, eta Luis Mari semea gero, Kalixto txikixa). 

Goizetik Maltzagara oinez abiatu, errepidetik, eta handik Arrateko santutegiraino gora. Bertako zelaietan tokiren bat bilatu (ordurako eibartarrek dena hartuta zeukaten) eta mezetara gero. Ostean, bazkaria, musika, dantza, jolasak... eta, nahi izan eta gero, alboko gurutzeari hiru buelta eman, buelta bakoitzeko kredo bat errezatzen, senargaia edo andregaia topatzeko. Iluntzean dena jaso eta Soraluzera bueltan. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 9a

1751 urtean Batxi Landak, Tretatxu lapurrak, bere legenda hasi zuen, beste hiru lagunekin Bilbotik irten zenean lapurretei ekiteko. 

Karrera laburra, 1753 urtean Azkoitian atxilotu baitzuten eta, heriotzera kondenatua izan arren, zortzi urte geroago hil zen Valladolideko espetxean. 
Soraluzen ere aritu zen, Pagobedeinkatu inguruan (gogoratu orduan errege bidea bertatik pasatzen zela). Gurean Txandrua izenez ezagutzen zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 10a 

1906 urtean Arístides Fernándezek, orduko Placencia de las Armas Company Limited-en zuzendari-jerenteak, Espainiako Armadari lurrin-kamioien eskaintza bidali zion. 
Bertan, ezaugarri eta prestazioak azaltzeaz gain, Soraluzeko lantegian eraikitako S.A. motako unitatea eskura jartzen zion, 6.500 pezetatan. 
Hurrengo urtean Armadak lurrin-kamioia probatu zuen, eta bi akats larriz ohartu zen: ez zuen diferentzialik eta jarduera esparru eskasa zuela (12 kilometro) berriro urez bete baino lehen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 11a 

1598 izurritea zela eta, Soraluzek, mediku barik egonda, probintziari eskatu zion mediku eta zirujaua bidaltzeko. Eta irailak 11an agindu zioten bidaliko zituztela... baina horretarako udalak 600 erreal aurreratu behar zituela. 
Soraluzeko Udalak demandan egin zuen, aurreko urtean probintziak ordaindu zituelako Donostiako medikuak guztien onerako zela eta. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 11 

1932an Policarpo Larrañagak abade soraluzetarrak (Don Poli) Eusko Tostarteko Bazkuna sortu zuen, Ondarroan. 
Hurrengo urtean, Euzko Nekazarien Bazkuna sortu zuen Donostian. Biak ala biak ELA-SOVeri lotuta zeuden. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 11 

1997ko irailaren 11an, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak Soraluzeko 44 toki edota eraikin balizko arkeologia gune izendatu zituen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Irailaren 13 

1924 urtean Manuel Maiztegi jauna Irukurutzeta errebueltaren parean hil zen, 36 urte zituela. Oraindik gordetzen da bertan jarri zioten hilarria. 
1888/02/29an Soraluzen jaioa eta Electra Irurak Bat zentralean bizi zena; elektrizista zen ofizioz eta, heriotz agiriak dioenez, errepidearen ondoko zutabe batean lanean ari zela deskarga elektriko batek hil zuen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).