60 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 9a, 08:19
Lehiaketara bidalitako argazkietako bat: Iluntzea, Muskiz. Egilea: Angel Garcia.

Barikuan, hilaren 11n bukatuko da Udako Argazki Lehiaketarako argazkiak bidaltzeko epea. Oraingoz, (gaur, eguaztena) 20 soraluzetarrek bidali dituzte argazkiak, 60 baino gehiago. Gehienak paisaiarekin lotutako erretratuak dira, koloretsuak, baita familia argazkiak ere. Irailaren 14an argitaratuko dira argazki guztiak Plaentxia.eus atarian eta herritarrek irailaren 18ra bitarteko epea izango dute argazkirik gustukoenari botoa emateko. Boto gehien eskuratzen duenak saria irabaziko du.

Mendiko zein itsasoko parajeak, oporretakoak, familia erakusten dutenak edo ilunabarrari egindakoak. Denetik dago Udako Argazki Lehiaketara bidalitako erretratuen artean. Orain arte, 20 lehiakidek bidali dituzte udan ateratako argazkiak, 60  inguru. Izan ere, lehiakide bakoitzak bosna argazki bidal ditzake, eta horrelaxe egin dute askok. 

Oraindik badago aukera lehiaketan parte hartzeko, barikuan itxiko baita argazkiak bidaltzeko epea. Parte-hartzaile guztiek jasoko dute oparitxoa parte hartzearren: Pil-pileanen autorako pegatina. Horrez gain, bi sari banatuko dira:

  • Epaimahaiaren saria: Bi pertsonarendako afari edo bazkaria Txurruka jatetxean.
  • Herritarren saria: Irailaren 14tik irailaren 18ra arte, irakurleek argazki gustukoena bozkatzeko aukera izango dute Plaentxia.eus-en. Boto gehien jasotzen dituen parte-hartzaileak Egotza baserriko gazta bat jasoko du.

Honakoak dira lehiaketan parte hartzeko arauak:

  • Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiarekin batera adierazi beharko dira: Egilearen izen-abizenak eta argazkiaren izena. Harremanetarako e-posta edo telefonoa. Argazkia noiz eta non ateratakoa den. Argazkian zer eta nortzuk agertzen diren.
  • Argazkiak bidaltzeko epea: irailaren 11ra arte.
  • Bidali argazkiak e-postaz, ubane@pilpilean.eus helbidera edo 699868729 zenbakiko watsapera.
  • Soraluzen jaio edo bizi den edozeinek parte hartu ahal izango du.
  • Argazkiek izan beharko dute aurtengo udan ateratakoak.
  • Epaimahaia Pil-pilean herri komunikabideko kideek osatuko dute eta argazkiaren kalitatea eta originaltasuna hartuko dituzte kontuan.
  • Jasotako argazkiak Pil-pileanen artxiboan gordeko dira, eta, aurrerantzean erabiliz gero, egilearen izena adierazi beharko da.