Gaur abiatuko du ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 8a, 12:12

Hainbat guraso musika eskolan, atzo, astelehena.

Aurrez aurre, COVID-19 koronabirusari aurre egiteko protokoloa zorrotz errespetatuz baina, batez ere, gogotsu hasiko dute ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolan, gaur, martitzena. 109 ikasle izango dituzte ikasturte hasieran, iaz baino 20 bat gutxiago. Hala ere, bizi dugun egoera kontuan hartuta, oso modu positiboan baloratu dute matrikulazioa.

Atzo, astelehena, aurtengo ikasturtearen gaineko funtzionamendua zelakoa izango den esplikatu zieten Soraluzeko Musika Eskolako ikasleen gurasoei, batik bat, COVID-19 pandemiari aurre egiteko neurriei dagokienez. 

Gainerako ikastetxeetan moduan, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako ikasleendako eta higiene neurri zorrotzak beteko dituzte. Ikaskideen sakabanaketari dagokionez, berriz, ikasle gehien dituen eskolak 11 lagun izango ditu, beraz, espazio aldetik segurtasuna bermatuta dagoela azpimarratu zuen Nagore Sanz zuzendariak.

Erreminta digitalak gertu

Osterantzean, instrumentuen eskolak banakakoak direnez, hor ere berme handia dute. Egoera ezohikoena abesbatzarekin lotutakoa dela esplikatu zuen eskolako zuzendariak, izan ere, kasu horretan ere ikasleek ezin izango dute maskara erantzi, kantuan egiteko izan arren.

Horrez gainera, jakinarazi zuen, baita ere, aurten tokatzen zaiela bi gela konpartitzea Institutuko ikasleekin. Sanzek esan zuen hori egin ahal izateko higiene eta segurtasun neurriak ere landuta dituztela hezkuntzako ordezkariekin.

Bestalde, eskolak aurrez aurre hasteko gogotsu daudela azpimarratu zuen Sanzek, hala ere, jakinarazi zuen bestelako edozein egoera gertatuko balitz, eskolak on-line eman beharra, adibidez, horri aurre egiteko ere gertu daudela, erreminta digitaletan inbertsioa egin baitute modu birtualean ere eskolak ziurtatzeko.   

Azalpen guztiak emanda, gaur, martitzena, ekingo diete eskolei.