Plazan berriro ere, protestan segitzeko gogotsu

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 8a, 10:22
Hainbat herritar pentsioen aldeko protestan, atzo, astelehena.

Atzo, astelehena, bueltatu ziren plazara pentsio publiko duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeak. 50 bat herritarrek bat egin du protestarekin. Bertan azpimarratu dute, besteak beste, bi gauza argi dituztela: batetik, ez dela erraza izango pentsioen aldeko borroka, eta bestetik, borrokan segituko dutela, eskaera guztiak lortu arte ez bada ere, pentsiodunen baldintzak nabarmen hobetzea lortu arte bai, behintzat.

Udako etenaldiaren ostean atzera ere Plaza Berrian aldarrikatu zituzten pentsio publiko duinak, atzo eguerdian.

Bertan, Jon Fanoren, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kide baten adierazpenak partekatu zituzten. Hark, besteak beste, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren garrantzia azpimarratu zuen eta, pandemia egoeran egon arren, pentsioen aldeko protesten zilegitasuna aldarrikatu zuen, adieraziz, osasunarekiko eta bizi kalitatearekiko kezka handiena pentsiodunek dutela, pandemia garaian ezarritako neurriak beti errespetatu dituztela eta azpimarratuta pandemia ezin dela aitzakia izan, oro har, pentsiodunen mugimenduari zilegitasuna kentzeko eta ezin dela aitzakia izan bestelako eskaera edo aldarrikapen batzuei kasu egiteko.

Hiru urtean, lorpenak

Bestalde, adierazi zuen sistema kapitalistari, botere ekonomiko handiei eta haien aginduei oztoporik jartzen ez dieten alderdi politikoek sortutako erakundeei aurre egiteko gertu daudela. Zentzu horretan, hiru urteotan egindako mobilizazioei esker eskuratutako lorpenak nabarmendu zituen Fanok; batzuk aipatzearren, politikariek iragarritakoa baino pentsioen igoera handiagoa, alargunendako pentsioak kalkulatzeko koziente handiagoa... Eta besteak beste, alderdi politiko guztiek onartzea pentsioek BPGaren besteko igoera izan behar dutela.

Borrokan segitu

Horrekin batera, azpimarratu du zerbait lortzeko, nahiz eta zerbait hori txikia izan, borroka handia egin behar izaten dela eta horren jakitun direla pentsiodunen mugimenduak. Zentzu horretan, Fanok adierazi zuen bi gauza argi dituztela: batetik, ez dela erraza izango pentsioen aldeko borroka, eta bestetik, borrokan segituko dutela, eskaera guztiak lortu arte ez bada ere, pentsiodunen baldintzak nabarmen hobetzea lortu arte bai, behintzat.

Bestelakoen artean, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak gogora ekarri zuen gaur egun pentsioen alde egiten dituzten eskaerak Espainiako gobernuari egiten dizkiotela, oraindik harenak baitira pentsioekin lotutako eskumenak; baina horrekin batera, gogora ekarri zuen Euskal Herriko erakundeek ere (EAEkoek eta Nafarroakoek) badutela erantzukizuna gaiarekiko eta baita ere "gaitasun autonomikoa" pentsioak zein pertsonen zaintza hobetzeko. Zentzu horretan, gogora ekarri zuen EAEko zein Nafarroako gobernuek transferituta dutela Mendekotasun Legea.

Bukatzeko, adierazi zuen irailean eratu berri den gobernuak ez duela pentsioen alde ezertxo ere egingo baldin eta ez badute sentitzen "gizarte mugimenduen presioa"; are gehiago orain, pandemiaren egoeran.