COVID-19arekin eta modulutan

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 7a, 13:20

DBH 1. mailako lau ikasle moduluetako baten aurrean, gaur goizean.

Gaur, astelehena, aurkezpen eguna izan dute Soraluze BHI Institutuko DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek. Goitik behera eraldatutako ikastetxera bertaratu dira, izan ere, ikasturte hasierako hilabeteotan ikasgela modura erabiliko dituzten moduluak “estreinatzen” lehenak izan dira eta baita COVID-19aren aurrean zelan jokatu behar duten ikasten eta ikusten ere. DBH 3. eta 4. mailako ikasleak, berriz, irailaren 15ean ekingo diote ikasturteari.

Sei hilabeteren ondoren, ikasgela fisikoetara bueltatu dira Soraluzeko institutuko ikasleak. Baina guztiz eraldatutako ikastetxera itzuli dira. 

Batetik, gainerako ikastetxeak moduan, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko Hezkuntza Sailak ezarritako neurriek erabat baldintzatuko dituelako ikasleen arteko harremanak eta ikastetxearen funtzionamendua. Eta bestetik, Soraluzeko institutuaren kasuan, ikastetxea zaharberritzeko obrek ikastetxeko ikasgelen erabateko berrantolaketa ekarri dutelako.

Pandemiari dagokionez, oro har, higiene eta segurtasun neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte ikasle-irakasleek: eskola barruko mugimenduetan muga, musukoaren erabilera derrigorra, eskuak sarri garbitzea, COVID-19 koronabirusarekin bateragarriak diren sintomen zaintza…

Frontoian eta musika eskolan

Zaharberritze obrei dagokionez, berriz, institutuan ikasgela “berriak” erabiliko dituzte harik eta obrak bukatu arte. Lau halako frontoi arrosan ezarritako moduluetan egokitu dituzte, beste hiru ondoko eraikinean (musika eskolaren eraikinean) eta gainerakoak institutuaren berezko eraikinean. Gauza bera egin dute irakasle gelarekin zein komunekin.

Obrengatik ezarritako berrantolaketa dela-eta zein pandemiak eragindako egoera dela-eta ikasle-irakasleen joan-etorria ere egokitu egin dute: batzuk Santa Ana kaletik sartuko dira eta beste batzuk frontoitik.

Hori guztia ikusten eta ikasten lehenak DBH 1. eta 2. mailako ikasleak izan dira. Hurrenez hurren, gaur, astelehena, 09:30ean eta 10:00etan sartu dira institutura, aurkezpen eguna baitute. Bihar, berriz, hasiko dute ikasturtea, “normaltasunez”. 

Institutuko gainerako ikasleek, DBH 3. eta 4. mailakoek irailaren 15ean hasiko dute ikasturtea, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horrela erabakita.