Interes handia piztu du Amari proiektuak

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 7a, 11:08

23 lagunek eman du izena Amari proiektuan parte hartzeko. Datorren astean, irailaren 16an hasiko dute “ikasturtea”, kiroldegian eta aurrez aurre. Horrekin batera, plataforma birtuala sortzeko asmoa dute, Amari proiektuan parte hartzeko gogoa izan arren bertaratzeko beldurra ere baduten lagunendako zein, aurrerago, kiroldegira bertaratzea ezinezkoa izango balitz, eskola fisikoen alternatiba izateko.  

Amari proiektuaren bultzatzaileak oso-oso pozik daude orain arte eskuratutako erantzunarekin. “Ezustean” harrapatu ditu 23 lagunen izen-emateak. 30-70 urte bitarteko 23 herritarrek eman du izena, guztiak emakumeak eta irailaren 16an, eguaztena, abiatuko dute proiektua. 

Eskaintza osatu

“Lehenengo kontzeptuak” landuko dituzte egun horretan; “jendearen interesen arabera moldatzen” joango dira eskaintza, Olatz Sebalen esanetan: “Hasieran yoga izango dena, hipopresiboekin, arnasketekin, meditazioarekin… osatuko dugu, eskaintza askotarikoa izateko. Jendea gogotsu dago hasteko eta horrela helarazi digute”.

Orain arte pilateseko eskolak eman dituzten lekuan izango dira eskolak, kiroldegiko ganbaran. Zentzu horretan, gustura daude, baita ere, Soraluzeko Udalak ekimen berriarendako lokala lagatzeko erakutsitako prestutasunarekin.

Interesa duenak oraindik ere badu izena emateko aukera: amarielkartea@gmail.com.