Intxixu puba itxita, egoera hobetu arte

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 5a, 09:05
Ernesto Oregi Pub-aren kanpoko aldean.

Abuztuaren 21etik ateak itxita ditu Intxixu tabernak, COVID-19 pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Are gehiago, puba ez dute zabalduko harik eta bezeroek zutik kontsumitu dezaketen arte. Ernesto Oregi tabernariak esandakoaren arabera, orain arteko egoeran taberna zabalik izanda, dirua irabazi baino galdu egin du. Martxotik hona, Oregik bi hilabetean bakarrik zabaldu ahal izan du taberna.

“Ez dut nahi lanean jardun eta gainera dirua galtzerik. Itxita baldin badago, diru gutxiago galtzen dut, ez dudalako argindarrean-eta dirurik gastatzen. Hemen lan egiten duen beste langilea, berriz, ERTEan dago”.

Halaxe esplikatu du Ernesto Oregik taberna ixteko erabakia. Izan ere, Intxixu taberna txikia da eta oraingo baldintzekin -bezeroek eserita bakarrik kontsumitu dezakete- gehienera, 28 lagunendako lekua dauka: lau mahai kanpoan eta hiru mahai txiki barruan. 

Laguntzarik ez

Erabaki gogorra da Oregik hartu duena. Pandemia hasi zenetik, negozioa itxi behar izan duen lehen soraluzetarra da. Gainera, taberna itxita izan arren, oraingoz, behintzat, ez du inolako laguntzarik jaso. 

“Aholkularitzara joan behar dut, baina hasiera batean ez dut ezer. Egoera larria da. Niri bi urte geratzen zaizkit erretirorako eta ea eusten diodan. Tabernaren errentari dagokionez, jabearekin berba egingo dut; oso jatorra da. Aurrekoan, hiru hilabetez itxita izan zenean ez zidan ezer kobratu”. 

Kalera gutxi

Oregik kontatu du taberna itxi duenetik ahalik eta gutxien ibiltzen dela kalean: “Txabolara joaten naiz eta hiruzpalau egunetik behin etortzen naiz herrira; hartara, diru gutxiago gastatzen dut. Txabolara hamarrekin joan eta hamarrekin bueltatzen naiz. Gainera, han tripak lasaiago daude kalean baino”, dio.

Bezeroei buruz galdetuta, berriz, dio haiek galdetzen diotela ea taberna noiz zabalduko duen berriro, baina aldi berean, ulerberak direla bizi duen egoerarekin.