Musika Eskolak datorren astean hasiko du ikasturtea

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 4a, 13:55

Musika eskolako hainbat ikasle iazko ikasturte hasieran.

Astelehenean, irailaren 7an egingo du Soraluzeko Musika Eskolak 2020-2021 ikasturtearen aurkezpen bilera. Ikasturtea bera ere datorren astean abiatuko du, modu presentzialean eta 109 ikaslerekin. Berritasuna ere izango dute, aurten biolontxelo eskolak ere izango baitira aukeran. Oro har, aurkezpen bileran esplikatuko dute zelan gauzatuko duten ikasturtea, ikasgaiei dagokienez, zein COVID-19 pandemiaren aurrean jarraitu beharreko protokoloari dagokionez.

Asteleheneko batzarretara familia bakoitzeko pertsona bakarra joan ahalko da, maskara jantzita eta pertsonen arteko distantzia gordeta. Seme-alabarekin joan nahi duenak, berriz, 6 urtetik gorako umea maskararekin jantzita eraman beharko du eta umea gurasoaren altzoan egon beharko da eserita. 

Musika eskolatik azpimarratu dute COVID-19arekin lotutako protokoloa indarrean eta eguneratuta dutela. Halaber, jakinarazi dute ikasturtea eskola presentzialekin hasiko badute ere, eskola birtualak eman ahal izateko baliabideetan inbertsio berezia egin dutela, ikasle guztiek ziurtatuta izan dezaten hezkuntza. 

Ikasle asko

Oraingoz, 109 ikaslek eman du izena Soraluzeko Musika Eskolan. “Pozik” daude kopuruarekin, iaz baino apurtxo bat txikiagoa izan arren (iaz 120 bat ikasle izan ziren), matrikulazioari eustea lortu baitiote, gaur egungo egoera gogorra izan arren.

Gainera, eskaintza ere handitu egin dute, aurten biolontxeloa ikasteko aukera ere bada-eta musika eskolan.

Bestalde, gogora ekarri dute norbaitek musika eskolan matrikulatzeko interesa badu, oraindik ere baduela horretarako aukera (943 75 15 44; soraluzemusika@gmail.com). 

Honako hauek dira asteleheneko bileren ordutegiak: 


·         17:30-18:00 Musika tailerra (1. 2. 3. mailak)
·         18:15-18:45 Musika hizkuntza (1. 2. 3. mailak)
·         19:00-19:30 Musika hizkuntza (4. 5. mailak)