Irailaren 21ean bueltatuko dira grabatzera

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 4a, 09:31
'Erase una vez... Euskadi' pelikulako hainbat langile Plaza Zaharrean.

Aste honetako grabazioak eginda, irailaren 21etik 24ra bitartean grabatuko dituzte herrian Erase una vez… Euskadi pelikularen eszena gehiago. Aurreikuspenaren arabera, urriaren hasieran egingo dituzte azkeneko grabazioak Soraluzen.

Askok uste zuten Erase una vez… Euskadi pelikularen eszenak grabatzeko Patria telesailarenak grabatzeko besteko denbora pasatuko zutela Soraluzen. Bada, ezta izango horrela, ezta gutxiago ere.

Aste honetan egin dituzte lehen grabazioak herrian, egun bakarrean egin ere eta pelikulako lantaldeak duen aurreikuspenaren arabera, Soraluzen beste zazpi egunez besterik ez dute grabatuko: irailaren 21etik 24ra bitartean eta urriaren 2an, 3an eta 6an. 

Txurrukenen eta Pascual Churrucan

Udalari aurkeztutako plangintzaren arabera, irailaren 21etik 24ra bitartean Txurrukeneko beheko parkean eta Gabolats kaleko etxe baten barruko aldean grabatuko dute. Urriaren 2an, 3an eta 6an, berriz, besteak beste, Pascual Churruca lantegiaren barruko aldean grabatuko dute. 

Hori bai, Patria telesailaren grabazioekin gertatu zen moduan, Erase una vez… Euskadi pelikularen grabazioek aurrera egin ahala, baliteke aldaketaren bat egotea, baina egoten bada ere, litekeena da grabazio egunetan edo lekuetan bakarrik eragitea, eta ez herrian egin beharreko grabazio kopuruan.