Elkarrizketa

"Euskal kulturaren enbaxadore lanak egitea dagokit [Uruguain]"

Egoitz Unamuno 2020ko abu. 30a, 12:49

Otsailaz geroztik, Maialen Elizburu (Soraluze, 1980) euskarazko irakurle moduan dihardu Montevideoko Udelar unibertsitatean. Etxepare Euskal Institutuaren bitartez joan da eta bere zeregina da unibertsitateko ikasleei euskararen eta euskal kulturaren berri ematea. 

Nolatan Montevideon irakurle?  

Etxepare institutuaren lan eskaintza irakurri nuen eta iruditu zitzaidan aukera ederra. Aurkeztu egin nintzen eta aukeratu egin ninduten.

Irakurlearen lana zein da zehazki?

Euskararen eta euskal kulturaren enbaxadore lanak egitea dagokit. Alde batetik, unibertsitatean eskolak ematea eta bestetik, hemengo diasporarekin harremanak eta elkarlana bideratzea.   

Euskal kulturaren gaineko zein gai azaltzen dituzu?

Irakasgai batean hizkuntza oinarrizkoa lantzen da eta beste batean euskal kultura. Nire asmoa da euskal kulturaren ikuspegi orokor bat ematea: Euskal Herriaren kokapen geografiko eta administratiboa, hizkuntzaren historia eta biziberritze prozesua, mitologia, turismo eskaintza, ahozko euskal tradizioa, euskal literatura, musika, zinema, sukaldaritza, diaspora… Ikasleen interesen arabera.

Zein da ikasleen interes nagusia?

Batzuek euskaldunen ondorengoak dira eta badute euskararen edo Euskal Herriaren berri, beste batzuk kuriositatez apuntatzen dira, eta badira Euskal Herrira bisitan joan, gustatu eta hizkuntzaz eta kulturaz gehiago jakin nahi dutenak ere. Hogeita piku urtetik hasi eta berrogeitama piku urtera artekoak.

Izan duzu harremanik Uruguaiko diasporarekin?

Bai. Euskal diasporak historia luzea du Uruguain eta hemengo eukal etxeek ekimen asko antolatzen dituzte: abesbatzak, dantza taldeak, pelota taldea, hizkuntza eskolak… Urtero egiten dituzte San Juan suak, Gernikako bonbardaketaren urteurreneko ekitaldia… Badira Euskal Herritik etorritako euskaldunak eta badira uruguaitar euskaldunak ere. Harritu nau zelako miresmena, zaintza eta denbora eskaintzen dioten euskal kulturari. Euskaldun sentitzen dira eta identitate hori kontuan hartzeko modukoa da handik ere (Euskal Herritik). 

Uruguai da herrialde bat leku askotako migrazoiekin osatu dena eta badakigu pertsonentzat komunitate baten parte izatea zein garrantzitsua den. Nik uste jende asko horregaitik hurreratzen dela euskal komunitatera. Orokorrean jende gehienak ezagutzen du zerbait euskaldunez. Hemen oso presente daude euskal izenak, ‘El Vasco’… Gailegoak ezagunak diren bezala.

Izan duzu aukerarik Uruguain zehar bidaiatzeko?

Ahiztarekin batera ekialdeko kostaldera joan nintzen, Punta del Estera. Jendea oso atsegina eta beti prest dago laguntzeko eta denbora hartzen dute. Egia esateko oso eskertua nago, beso eta bihotz zabalik hartu nautelako. Han baino presa gutxiago dago hemen, beste bizi erritmo bat dago, beste lasaitasun bat, hemen deitzen diotena ‘relajo’. Bestalde, badute kexatzeko ohitura ere lanaren eta ekonomiaren inguruan. Hemen prezioak altu daude eta soldatak bajuak dira. Esaten da Hego Ameriketan, Argentinarekin batera, Europatik gertuen dagoen herrialdea dela Uruguai (bizimoduari dagokionez).

Musika eta literatura aldetik zer topatu duzu?

Hemen artea oso bizirik dago. Asko gustatu zaidana da kalean artisauak ikustea: erropak, harriak, mateak… Kale bazterretan opil erreak… Postu asko kalean. Horrek bizitza handia ematen du. Azoka asko dago.

Muralak ere asko daude. Mural zoragarriak. Eta pintura eskolak eta musika instrumentuen dendak, museoak… Eta ematen du irakurtzeko ohitura handiagoa dagoela. Kafetegi eta liburudenda pila bat dago. Eduardo Galeano eta Mario Benedetti poetak hemengoak ziren eta badago taberna bat bere izenarekin eta…  Hori nabaritzen da.

Egia esan, herritik eta maite ditudanengandik urrun egoteak laguntzen du etxekoa beste modu baten baloratzen.

Noiz arte geldituko zara?

Printzipioz abendura arte geldituko naiz baina badago luzatzeko aukera ere. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.