Bertako basoa sustatzeko elkartea eratzear herrian

Egoitz Unamuno 2020ko abu. 29a, 11:53
Pago gazteak Urtiazelain.

Herriko naturazale talde batek batzar irekia deitu du irailerako, "bertako basoa sustatuko duen elkartea" eratzeko asmoz. 

Eukaliptoaren aurkako ekimena bultzatu duten naturazaleek batzar irekia deitu dute irailerako, Soraluzen bertako basoa sustatuko duen elkarte bat eratzeko asmoz. "Bazkideen kuota, laguntza, donazio, babesle edo dena delako diru sarrera bitartez Soraluzen sailen bat eskuratu" eta bertako zuhaitzak landatzea da hasierako asmoa, "Soraluze bizigarriago bat eraikitzeko". Hitzordua irailaren 17rako jarri dute, Gaztetxean, arratsaldeko 19:00etan. 

Jarraian, deitzaileek zabaldu duten mezua osorik: Soraluzeko lagun batzuek, herriko ingurumenaren egoeraz kezkaturik eta berau hobetzeko asmoz, elkarte bat sortzea pentsatu dugu. Hitz gutxitan esanda, elkarte honen helburua litzateke, bazkideen kuota, laguntza, donazio, babesle, edo dena delako diru sarrera bitartez Soraluzen sailen bat eskuratu eta bertako basoa sustatzea; landare eta animaliei babeslekua eskaini eta errekak osasuntsu mantenduz, gure bizi kalitatea hobetu eta Soraluze bizigarriago bat eraikitzeko. Sinplea ezta? Baina hau aurrera eroateko eta gure lehengo zuhaitza landatu ahal izateko lan apurtxo bat egin beharko dugu. Gure ametsarekin bat egin eta elkartearen sorreran lagundu nahi baduzu, gonbidatuta zaude datorren irailaren 17an, osteguna, arratsaldeko 7etan, Gaztetxean egingo dugun batzar irekira. Gaur landatzen dugunak gerizpe goxoa emango digu bihar!