Astelehenean hasiko dira pelikula grabatzen

Ubane Madera 2020ko abu. 28a, 11:36
Martitzenerako libre laga behar dira SAPA pareko aparkaleku guztiak.

Astelehenean, hilaren 31n hasi behar dira Erase una vez...Euskadi filma grabatzen. Produktoratik adierazi dutenez, hainbat udalerritan egingo dituzte grabazioak, tartean Soraluzen. Martitzena 06:00etarako Baltegietako eta Gabolatseko aparkaleku asko libre laga beharko dira.

Astelehenean, hilaren 31n hasi eta zazpi astez luzatuko dira Erase una vez...Euskadi pelikularen grabazio lanak.

Soraluzen, hainbat lokal eta etxebizitza hartu dituzte errentan eta martitzenean eskatuta dute 06:00etarako  hainbat aparkaleku libre lagatzeko:  Baltegieta kaleko 17. zenbakitik Saparen amaierara bitartekoak, Baltegieta kaleko 22, 24 eta 26. zenbakietakoak eta Gabolats kaleko 34-28 zenbakien bitartekoak.

Udaltzaingoak inguruotan hesiak ipini ditu egoeraz ohartarazteko, izan ere, martitzeneko 06:00etarako ibilgailuren bat erretiratu barik egonez gero, garabiari abisatuko diote.

Nondik norakoak

Pelikula 1985. urtean kokatuko da. Orduko udako oporretan. Marcos, José Antonio, Paquito eta Toni 12 urteko umeak dira protagonista. Haien begiradatik erakutsiko dute orduko "asaldatutako Euskadi zahar eta borrokalaria, gomazko pilotak errebotatzen duten grafitiz eta askatasun ametsez betetako paretak, kooperatibatan aurrefabrikatutako zeru grisak jantzitako Euskadi, non heriotzak eta bizitzak ez duten elkarren arteko harreman formalik".

LaCanica films produktorearen eskutik dator Erase una vez... Euskadi pelikula, Erase una vez mi cuadrilla AIE-ren partaidetzarekin. RTVEk diruz lagundutakoa da eta EiTBk ere badu partea, baita ICAAk eta CreaSGR y Wandermoon Financek ere.

Aktoreei dagokienez, Asier Flores (“Dolor y Gloria”), Aitor Calderón (“Que Dios nos perdone”), Miguel Rivera (“Dos amantes”) eta Hugo García dira ume protagonistak. Haiekin batera, beste honako aktoreek ere hartuko dute parte pelikulan: Luis Callejok, Marian Álvarezek, Ruth Díazek, Arón Piperrek, Yon Gonzálezek, Pilar Gómezek, Vicente Vergarak, Vicente Romerok, María Isasik, María Alfonsa Rossok, Rafa Martínek, Josean Bengoetxeak, Eriz Alberdik eta Betiza Bismarkek.