Nork utzi du oinatz hori? izenburuarekin antolatu dute inguruko animalien gaineko tailerra, 8-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa.
Antolatzaileek, Euskal Kostaldeko Geoparkekoek halaxe deskribatu dute ekimena: “Gautarrak direlako, gizakia susmatu orduko ezkutalekua bilatzen dutelako, edo ingurunean kamuflatzen direlako, inguruan ditugun animalia basatiak ikustea ez da erraza izaten. Hortaz, hor daudela ziurtatzeko modu bakarra, sarritan, euren joan-etorrietan uzten dituzten arrastoak bilatzea da. Besteak beste, gorotzak, ileak, egagropilak eta lurrean utzitako oinatzak dira mendian animaliek uzten dizkiguten pistak”.
Izena emateko
Interesa duen edozein umek parte har dezake tailerrean, baina leku mugatuak ditu eta hortaz, komeni da aldez aurretik izena ematea. Hiru bide daude horretarako: labur.eus/oinatzakdeba; 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta (10:00-14:00/16:00-19:00) edo Debako Turismo Bulegoan. Tailerra gauzatuko da Debako Kultur Elkarteko eraikinaren plazatxoan.
Tailerrean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta segurtasun protokoloa eta neurriak aplikatuko dituzte.
Iragarri dutenez, jardunaldian parte-hartuko duten ume guztiek oroigarri polit bat eramango dute etxera.