Soraluzeko egoitzan positibo barik

Erredakzioa 2020ko abu. 24a, 09:38
Eibarko suhiltzaileak egoitza desinfektatzen, martxoan. Artxiboa.

Azken egunotan, ugaritzen ari da Hego Euskal Herriko egoitzetan COVID-19 birusean atzemandako positibo kopurua. Soraluzeko Mesedeetako egoitzari dagokionez, PCR probetan negatibo eman dute egoiliar zein langile guztiek.

Soraluzeko egoitzan ez dute atzeman COVID-19 birusaz kutsatutakorik. Egoitzako zuzendaritzatik jakinarazitakoaren arabera, orain dela 15 egun egoiliar eta langile guztiei egin zizkieten PCR probak, eta emaitzen arabera, guztiek negatibo eman zuten, "beraz, momentuz, ondo gaude", diote.

Gainerakoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak helarazitako azken datuen arabera, berriz, gaur egun, lurraldean bost egoiliarri atzeman diote COVID-19a. Bost kasuak Donostiako San Ignacio-Hermano Garate konplexukoak dira eta  Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan daude ospitaleratuta.

Bizkaian, berriz, 55 egoiliar eta egoitzetako 68 langile daude diagnostikatuta eta azken egunotan, bi egoiliar hil egin dira COVID-19 koronabirusak jota. Arabari dagokionez, han hiru egoiliarrek eman dute positibo eta Nafarroan 14 egoiliarri eta egoitzetako bost langileri atzeman diote COVID-19a.

Bestalde, gaur, astelehena, Gizarte Zerbitzuen Lehendakariordetzak zaharren egoitzetako lantaldea deitu du, autonomia erkidegoek zentro horietako COVID-19 agerraldien egoeraren berri eman dezaten, baita zer premia edo zailtasun dituzten ere.