Koronabirusa

Hiru positibo berri

Ubane Madera Zangitu 2020ko abu. 21a, 12:33

Aste honetako datuen arabera, COVID-19an positibo eman duten beste hiru herritar atzeman dituzte: bat domekan eta bi herenegun, eguaztena. Eskualdeari begiratuta, Mutrikuk dauka positibo kasu gehien, 38 eta Debak gutxien, bat. Gaurtik domekara bitarteko datuei dagokienez, berriz, astelehenean eguneratuko dituzte.

Abuztuaren 13tik atzora bitarteko datuen arabera, COVID-19an positibo eman duten hiru soraluzetar gehiago atzeman dituzte. Joan den asteko datuekin alderatuta (abuztuaren 6tik12ra bitartekoak), positibo kopuru berbera atzeman dute herrian. Eta uztailaren 29tik abuztuaren 5era bitartean, berriz, bi positibo detektatu zituzten.

Gauzak horrela, Soraluzen, behintzat, egoera egonkortu samar dagoela esan daiteke, gorabehera larregi barik, nahiz eta, hori bai, astero izan kutsatze berriak.

Mutrikun gora

Inguruko herriei begiratuta, Mutrikun nabarmen handitu da detektatutako positibo kopurua: joan den astean 15 positiboren berri eman zuen Jaurlaritzak; aste honetan (abuztuaren 13a barne) berriz, dagoeneko 41 positibo atzeman dituztela jakinarazi du. Horrek asko igo du bertako kutsatze-tasa: 693,66koa izan da aste honetan. Soraluzekoa, berriz, 76,20koa da, Gipuzkoako batezbestekoaren pareko samarra, lurraldeko tasa %75,71koa baita.

Gutxien Deban

Positibo gutxien, berriz, Deban atzeman dute: bakarra, azken astean (kutsatze-tasa %18,37). Eta aipagarria da Eibarren, uztaila hasieran izandako gorakadaren ondoren, azken aste honetan, positibo kopurua oso baxua izan dela: 10 (%36,70eko tasa).

Azkenik, Elgoibarri eta Mendarori dagokienez, 17 positibo berri atzeman dituzte Elgoibarren (%120,85eko tasa) eta bi kasu berri Mendaron (%93,50eko tasa).

PCR kopurua gora

Positibo eman duten pertsonen ezaugarriei dagokienez, berriz, aste honetan, 20-29 urte bitarteko bizilagunen artean detektatu dituzte positibo gehien eta jarraian 30-39 urte bitarteko bizilagunen artean. Bestalde, aipagarria da azken asteotan egiten ari diren PCR proba kopurua. Batezbeste, maiatzekoekin alderatuta, bikoiztu egin dira. Atzo, adibidez, 9.121 proba egin zituzten.