Zapatuan, zirkulazioa ohiko funtzionamendura

Ubane Madera Zangitu 2020ko abu. 20a, 09:49
Errepidea itxita dagoela adierazten duen seinalea.

Bihar, barikua, bukatuko dituzte Errekalde 8ko etxearen pareta isolatzeko lanak. Hori horrela, zapatuan, Errekalde eta Errabal kaleak osorik zabalduko dituzte zirkulaziorako eta herri barruko autoen joan-etorria ohiko funtzionamendura bueltatuko da, autobusena barne. Beraz, autobusak betiko geltokietan geratuko dira atzera ere.

Bihar, barikua, bukatuko dituzte Errekalde kaleko 10. zenbakiko eraisketa lan guztiak. Astearen hasieran bukatu zuten etxea bera botatzeko lanak eta bihar, barikua, bukatuko dituzte ondoko etxearen pareta isolatzekoak.

Behin guztia eginda, zapatuan bertan zabalduko dute Errekalde kale osoa zirkulaziorako. Horrenbestez, herri barruko autoen joan-etorriak ohiko funtzionamendua berreskuratuko du, baita garraio publikoak ere. Hala, Eibarko edo Donostiarako noranzkora doazen autobusek Zubi Nagusian zein SAPAren aurreko aldean izango dituzte geralekuak berriro ere.

Semaforoak astelehenera arte

Hori bai, astelehenera arte eutsiko zaio saihesbidearen norabide bikoitzari, orduantxe erretiratuko baitituzte Olako aldapan zein Estaziñoan ipinitako semaforoak.