EITBk publiko egindako Osakidetzaren datuen arabera, abuztuaren 13ko 24:00ak arteko datuak kontuan hartuta, udalerrika, ondorengoa da Debabarreneko herri bakoitzaren positibo kopurua: Mallabia 6, Mendaro 6, Soraluze 29, Deba 32, Mutriku 42, Elgoibar 136, Ermua 414, Eibar 470.
Atzo 610 kasu EAEn
Gaur eguerdian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, atzo, zapatua, zenbatutako koronabirus kasu positiboen berri eman du. Horien arabera, beste 610 kasu detektatu dituzte atzo egindako PCR probetan.
Tsunami hitza aipatu zuen Nekane Murga Osasuneko Sailburuak atzoko agerraldian. Badirudi olatuak indarrarekin jarraitzen duela. Izan ere, larunbatean zehar egindako 7.780 PCR probetan beste 610 kasu positibo atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Aurreko egunotan bezala, Bizkaian izan dira kasu gehien –370 kasu–; Araban 130 kasu izan dira, eta Gipuzkoan 106 –hauetatik 47 Azpeitian–. Beste lau kasu positibo ere zenbatu dituzte, erkidegoan bizi ez diren pertsonena.
Ospitalean ingresatutako pertsonen kopuruak ere gora egin du azken 24 orduetan. Beste 18 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta gaur egun 14 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaletan.
Kontuan hartu behar da Osasun Sailak ez duelako herrietako daturik ematen asteburuetan. Beraz, bihar arte zain egon beharko da jakiteko ea kasu positiborik izan den Soraluzen asteburu honetan. Horrekin batera, datozen egunotan, Plaentxia.eus-ek herriko datu eta egoeraren gaineko informazio osatuagoa emango du.