Oporrak, etxe ibiltarian

Barren.eus 2020ko abu. 9a, 08:00
Jon Elizburu eta Bidatz Azpiazu Andde, Lur eta Pello seme-alabekin. Argazkia: Barren.eus.

Elgoibarko Barren aldizkariak erreportajea kaleratu du Jon Elizburu plazentziatarrak eta bere familiak autokarabanarekin egiten dituzten bidaien gainean. 

 

Azken urteotan asko ugaritu dira autokarabanak gure errepideetan, eta aurten, are gehiago izango dira oporretara etxe ibiltaria hartuta joango direnak. Koronabirusa dela-eta, oporrak bertan behera utzi dituzte askok, baina beste batzuek autokarabanaz bidaiatzea erabaki dute, modu seguruan bidaiatzeko aukera ematen duela sinistuta.

Ez dute bidaiatzeko beste modurik ezagutzen, eta momentuz, ez daukate beste moduren bat probatzeko asmorik ere. Bidatz Azpiazu eta Jon Elizburu 1999an hasi ziren etxea gainean zutela bidaiatzen. Gaztetatik izan dira motxila hartu eta mendira joatekoak. Jonek gogoratu du gaztetan oporrak Piriniotan pasatzen zituela lagunekin, edozein lekutan lo eginez, eta tarteka ikusten zutela jendea furgonetan edo auto handietan lo egiten: “Sekulako inbidia pasatzen genuen”. Aske ibiltzea dute gustuko, loturarik gabe, eta ez dute euren burua hoteletan edo antolatutako bidaietan ikusten. Hori dela-eta, furgoneta bat erostea erabaki zuten, ohe eta sukalde txiki batekin: “Lehenengotarikoak izan ginen Elgoibarren horrelako furgoneta bat erosten, eta sarri harrapatzen genuen jendea kristalera hurbildu eta furgoneta barrura begira”. Hamar bat urtez ibili ziren furgonetarekin hara eta hona, baina ordurako Pello jaio zen, eta konturatu ziren ume batekin bidaiatzeko furgoneta txiki geratu zitzaiela, neguan bereziki: “Udan eta neguan bidaiatzen dugu guk, eta elurretara joateko erropa eta traste asko behar dira. Orduan konturatu ginen zerbait handiagoa erosteko unea zela”. 2009an furgoneta saldu eta autokarabana erosi zuten. Sei bat urtez mantendu zuten estreinako autokarabana hura, baina tarte horretan beste bi seme-alaba izan zituzten, Andde eta Lur, eta barrualdea beste modu batean antolatuta zeukan autokarabana bat erostea erabaki zuten. Galizian erosi zuten, bigarren eskukoa. Auto bat alokatu, eta Ourensera joan ziren Lur txikiarekin. Alokairuko autoa han laga, dokumentazio guztia prestatu, eta autokarabanaz itzuli ziren Elgoibarrera.

Ordutik etengabe ibiltzen dira batetik bestera: “Gure bidaietako etxea da autokarabana”. Asko bidaiatzen dute, baina kilometro askorik egin gabe. Asteburuko irteerak egiten dituzte sarri, momentuan pentsatu, maletak egin eta martxa egiten dute, autokarabanak horretarako aukera ematen duelako: “Ez duzu ezer antolatu
behar, pentsatu eta ospa!. Ingurukoak urtarrilean hasten dira abuztuko oporrak prestatzen! Guri ez zaigu hori burutik pasatzen, beti azken momentuan ibiltzen gara”. Ez dira urrutira joatekoak, baina bai, maiz bidaiatzekoak. Etxetik gertu ibiltzen dira, kostaldean zein mendian, eta bazkari edo ospakizunen bat dutenetan ere
joan izan dira autokarabanan, etxera itzultzeko kezkarik gabe ibili ahal izateko: “Ikastolen aldeko jaietara ere bezperaz joaten gara normalean, eta oso erosoa da han bertan lo egitea”.

Autokarabana hitza entzun eta askatasuna etortzen zaie burura; gaur hemen eta bihar han egoteko askatasuna: “Iristen zara leku batera eta eguraldi txarra badago edo beste edozein arrazoirengatik ez bazaude gustura, alde egin dezakezu”. Onartu dute, hala ere, autokarabanen ugaritzeak erabilera mugatu eta arautzea ekarri duela: “Asko gara, eta denetarikoak. Zikinkeria asko uzten dute batzuek, eta normala da leku batzuetan autokarabanei sarrera debekatzea”. Frantzia oso ondo prestatuta dagoela aipatu dute autokarabanaz bidaiatzeko, atseden-gune eta aparkaleku asko dagoelako, eta camping munizipalak ere prezio onean aurkitu daitezkeelako. Autokarabana guneetatik aparte, urte hauetan zehar leku “paradisiakoetan” ere lo egin dute, baina gaur egun horrelako lekuak aurkitzea ez dela hain erraza esan dute, eta leku askotan campingetara sartzea derrigortzen dutela. “Ez zaigu ondo iruditzen campingera derrigor joan beharra. Ulertzen dugu euren negozioari begiratu behar diotela, baina autokarabaneroak autonomoak gara, gure ura eta argindarra ditugu eta gaua pasatzeagatik sekulako dirutza eskatzen dute leku askotan”. Iruditzen zaie azkenaldian jende askok erosi edo alokatzen duela autokarabana “modan” dagoelako, baina horiek ez daukatela autobakarabanan ibiltzeko kulturarik eta horrek gainerakoei kalte egin diela: “Autokarabanaz ibiltzeak eskatzen du ur gutxi gastatzea, argindarra ere neurrian erabiltzea, ingurunea zaintzea eta errespetatzea... Kultura hori guk oso barneratuta daukagu dagoeneko, baina beste askok nahi dutena egiten dute”.

Artikulu honen edukia Barren.eus webgunetik ekarri dugu CC lizentziari esker. Erreportajea osorik irakur dezakezue BARREN aldizkariko 1168. zenbakian -PDF- edo Barren.eus webguneko albistean.