Aldaketak eskolaren funtzionamenduan

Ubane Madera Zangitu 2020ko abu. 2a, 09:05

Plaentxi Herri Eskola.

Dena ondo bidean, irailaren 8an hasiko du ikasturtea Plaentxi Herri Eskolak, eta dena ondo bidean, eskolak aurrez aurre emango dituzte. Hori bai, COVID-19aren eragina nabarmena izango da; adibide modura, ikasleek eguazten arratsaldeetan ez dute eskolarik izango, “irakasleen arteko koordinaziorako eta prestakuntzarako” erabiliko baitute arratsalde hori.

Plaentxi Herri Eskolan, irailean egingo diren gurasoen bileretan emango dute datorren ikasturtean izango diren “aldaketen berri modu zehatzago batean”. Izan ere, COVID-19aren eraginez, hainbat egokitzapen egin beharko dituzte eskolaren funtzionamenduan. 

Esplikatu dutenez, “Hezkuntza Sailak eskolako ordutegia malgutzeko eman duen aukera erabiltzeko beharra izan dugu: asteko arratsalde bat (asteazkena) irakasleen arteko koordinazio eta prestakuntzarako erabiliko da eta ikasleek ez dute eskolarik izango”.

Hori horrela, honakoa izango da 2020-2021 ikasturterako ordutegi berria, irailaren 28tik aurrera aplikatuko dena: astelehena, martitzena, eguena eta barikua, 09:00etatik 12:30era eta 14:30etik 16:30era. Eguaztenetan, berriz, 09:00-13:00ak arte izango dira eskolak. Bestalde, ohi denez, irailean (irailaren 8tik 25era) arratsaldez jai izango dute, eta honako ordutegia izango dute: 09:00-13:00. 

15 minutuko tartea

Horrekin batera, ohartarazi dute “eskolako sarrera-irteeretan pertsona pilaketarik sortu ez dadin, sarrera-irteera ordutegietan 15 minutuko desberdintasunak” izango direla. Ordutegi horien berri ere iraileko gurasoen bileran emango dute. 

Besteak beste, eskolako zuzendaritzatik adierazi dutenez, “ordutegi aldaketek familien antolaketan zailtasunak ekar ditzakeela aurreikusi da. Ordutegi aldaketaren erabakia hartzeko zailtasun nagusia gai hau izan da. Eskola orduz kanpoko jarduerekin lotura duten eragileei (Udala, Atxolin…) egoeraren berri eman zaie eta asteazken arratsalderako aukerak aztertuko dira”.

Ildo beretik, galdetegia ipini dute gurasoen eskura, aldaketengatik sor daitezkeen “kezka eta zailtasunak” adieraz ditzaten. 

Hiru egoera posible

Edozelan ere, iragarritako ordutegi eta funtzionamendu hori egoerarik optimistenean erabiliko dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi duenez, hiru egoera izan daitezke ikasturte hasieran:

  • 1- Aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera, modu normalizatuan.
  • 2- Aurrez aurreko jarduera eta jarduera telematikoa txandakatzea.
  • 3- Ikasgelaz kanpoko hezkuntza-jarduera (konfinamendua).