Liburuak opari, autobus geltokian

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 30a, 11:06

Liburu sorta autobus geltokian.

Azken egunotan, norbait liburuak lagatzen ari da Txurrukeneko autobus geltokiaren jarlekuan. Eta beste norbaitek hartu egiten ditu. Hurrengo egunean, hantxe dago, berriro ere, beste liburu sorta eder bat, zeinek etxera eramango zain. Seguru, hartuko dituenak eskerronez eramango dituela.

Askori, izugarri kostatzen zaie liburuak zakarretara botatzea; azken batean, zerbait gustukoa denean, hori zakarrontzira botatzea ez baita atsegina. Liburuok opari ematea izaten da egokiena, baina, gezurra badirudi ere, sarri ez da izaten zeini oparitu. 

Bada, norbaitek aurkitu du irakurrita dituen eta zakarretara bota nahi ez dituen liburuak oparitzeko alternatiba: autobus geltokiaren jarlekuan laga.

Eta ondo funtzionatzen du alternatibak. Izan ere, azken hiru egunotan, 08:00etarako liburu sorta bat egoten da Txurrukeneko geltokiaren jarlekuan, norbaitek txukun-txukun lagata. Eguna bukatu aurretik beste norbaitek eramanda ditu liburuok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.