Koronabirusa

Egoera baretzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 30a, 09:54

Osakidetzatik emandako azken datuen arabera (atzokoak), Soraluzen COVID-19az kutsatutako positibo bat gehiago atzeman dute. Hala ere, anbulatorioan hasi da COVID-19arekin zerikusia duen arreta-eskaera baretzen. Hori bai, datorren astera arte, medikuek ez dute txandarik libre. Bestalde, Nekane Murga Osasun sailburuak Eibarko (192 positibo)  eta Ermuko (208 positibo) egoerei begira, aditzera eman zuen “ahalegin handiarekin, kontrolatzea lortzen ari” direla. 

Uztailaren erdialdetik aste honetara bitartean, herriko anbulatoriotik soraluzetarrendako PCR proba-eskaera ugari bideratu behar izan dituzte, Zarauzko, Eibarko eta inguruko hainbat fokurekin lotutakoak. Horren ondorioz, hilabetearen azken asteotan izugarri handitu da herritarren osasun arreta-eskaera. Baina, PCR proba asko eginda daude honezkero, eta azken egunotan, gutxitu egin da PCR proba berrien eskaera.

Eibar eta Ermua

Horri esker, orain osasun profesionalek arreta handiagoa eskaini ahal izango diete ohiko gaitzengatik jasotzen dituzten kontsultei. Hori bai, ohartarazi dute, hala ere, lanez gainezka daudela, udako oporrak tarteko, langile gutxiago ari baitira lanean, izan ere, Osakidetzak ez du oporretan dauden langileen ordezkorik ipini. 

Bestalde, koronabirusarekin lotuta Soraluzen dagoen positibo kopurua kezkagarria bada ere, are kezkagarriagoa da inguruko herrietakoa, Eibarkoa eta Ermukoa, hain justu. Eibarren 192 positibo metatu dituzte eta Ermuan 208 positibo metatu.

Osasun sailburu Nekane Murgak bi udalerriotako egoerak aipagai izan zituen, azken egunotan, bi horiek baitira COVID-19arekin lotutako foku nabarmenenak. Hori bai, Murgak azpimarratu zuen positibo horietatik gehienak asintomatikoak direla, identifikatuta daudela eta jarraipena egiten ari zaizkiela. “Ahalegin handiarekin, kontrolatzea lortzen ari” direla adierazi zuen.

Zentzu horretan, azken asteotan etengabekoa da Eibarko ospitalean egiten ari diren PCR proba kopurua.