Langile gutxiagorekin, baina anbulatorioa zabalik izango da

Ubane Madera Zangitu 2020ko abu. 1a, 09:49
Anbulatorioaren sarrera jarlekuekin "itxita", barrura ezin dela sartu adierazteko.

Abuztuan, Soraluzeko anbulatorioa zabalik egongo da, ohiko ordutegiarekin. Hori bai, larrialdiren bat izanez gero, Mendaroko Ospitalera jo beharko da. Etengabeko Arreta Gunea -Soraluzeko anbulatorioa itxita dagoenerako-, berriz, Elgoibarko anbulatorioa izan beharrean, Torrekuakoa (Eibar) izango da, “pandemia guztian izan den moduan”, Debabarreneko ESItik gogora ekarri dutenez. Pediatria zerbitzuari dagokionez, hainbat egunez, Elgoibarrera joan beharko da.

Debabarreneko ESIko (erakunde sanitario intergratuko) ordezkariek zehaztu dute abuztuaren 10etik 28ra, pediatria zerbitzua, Soraluzen barik Elgoibarko osasun-zentroan eskainiko dutela. Gainerakoan, bestelako zerbitzu guztiak -emagina, erizaintza, etxez etxekoa…-“betiko moduan” emango dituzte, herrian bertan. 

Debabarreneko ESItik adierazi dute Soraluzeko anbulatorioan “udako ohiko ordutegia" ezarri dela, "COVID egoerari moldatuta”. 

"Pazientzia" 

Soraluzeko anbulatorioan gaiari buruz galdetuta, berriz, bertako hiru medikuek esplikatu dute “zerbitzua bete” egingo dutela. Baina aldi berean, “pazientzia” eskatu diete erabiltzaileei, langile gutxiago baitira. Izan ere, ez da egongo oporretan dauden lankideen ordezkorik:. Gauzak horrela, “murrizketak ez daude anbulatorioan, baina gabeziak badaude”.