Ostalaritzako establezimenduek 01:30erako itxi beharko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 28a, 09:28

Santa Ana kaleko terrazak.

Atzo, astelehena, Nekane Murga Osasun sailburuak neurri berriak iragarri zituen, “egoera epidemiologikoaren eboluzioa ikusita”. Besteak beste, ostalaritzako establezimenduak, beranduen jota, 01:30erako itxita izan beharko dira eta gaueko ostalaritza zerbitzuen edukiera, gehienez, %60koa izango da. Hiletetan, berriz, gehienez, 60 pertsona elkartu ahal izango dira. Asteburuan sartuko dira indarrean neurri berriak. 

Murga sailburuak iragarritako neurri berrietako batzuek ostalaritzako zerbitzuei eragingo die. Honako neurriek, hain justu: 

  • Tabernek, jatetxeek, txokoek eta elkarte gastronomikoek, beranduen jota 01:30erako itxi egin beharko dute.
  • Establezimendu guztietan 1,5 metroko distantzia fisikoa bermatu beharko da mahaien artean. Distantzia hori mahaietatik hurbilen dauden pertsonen artean neurtu beharko da.
  • Gehienezko okupazioa 10 pertsonakoa izango da.
  • Ostalaritza guneetako terrazetan, 00:00etatik aurrera, eserita bakarrik kontsumitu ahal izango da, eta ezingo da hamar lagunetik gorako talderik sortu. 

Hiletetan-eta

Bestelako neurrien artean, Osasun sailburuak jakinarazi zuen hilbeiletan eta hiletetan ere izango dutela eragina neurri berriek. 

  • Gehienez, 60 pertsona elkartu ahal izango dira hilbeiletan zein hiletetan.
  • Edukieraren %60 bakarrik baimenduko dute espazio itxietan.

Eta besteak beste, honako neurriek indarrean segitzen dutela ekarri zuen gogora:

  • Debekatu egiten da edozein jarduera gazteen lonjatan eta antzeko lokaletan.
  • Lantokietan maskararen erabilera dela-eta, zehaztu zuen ez dela derrigorrezkoa izango langileak beren lanpostuetan eserita daudenean. Derrigorrezkoa izango da, berriz, espazioak partekatzen dituztenean, korridoreetatik dabiltzanean, bileretara joaten direnean edo beste edozein zirkunstantziatan, langileak elkarrengandik hurbil daudenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.