Alberto Ramirez

Egoitz Unamuno 2020ko urt. 27a, 17:17

Alberto Ramirez Sanchez (Sevilla, xxx). Artista plastikoa.

Hortz-klinikan egin dugu hitzordua Albertorekin; bere ofizioa (protesigintza) eta afizioa (arte plastikoak) uztartzen dituen lekuan. Sotora jeitsi gara eta andaluz on baten gisa, azeitunak eta moskatela atera dizkigu mahaira, ehunka margolanez eta zenbait eskulturaz inguratua dagoen gelan. Arteaz berba egin digu eta bizitzaz, grinatsu bezain sakon, eta guk konbertsazio horretatik ateratako koloretako trazotxo batzuk besterik ezin izan dugu ekarri elkarrizketatxo honetara.

Zure margolanak kalera atera dituzu. Zergatik orain?

Konfinamenduaren fruitua da. Geure barnera bilduta pasatu dugun denbora horretakoa. Nik ezin dut denbora galdu. Niretzat denbora urrea da eta pasatu ditut konfinamenduaren hiru hilabeteak margotzen. Egun guztietan pintatu dut, hutsik egin gabe, egunean hamar orduz… Hamarnaka koadro egin ditut eta horregatik erabaki dut erakusketa hau antolatzea. Bizi dugun momentuarengatik. Zalantza garaia delako, katastrofismoa, beste krisi baten ataria… Nire borrokarako arma artea da. Bakoitzak erabiltzen ditu bere armak eta nik beti borroka egin dut artearen bitartez, txiki-txikitatik.

Galdetuko banizu zergatik pintatzen duzun? Nik ia egunero pintatzen dut. Nik arnas hartzen dut… Margolan hauek arnasaldiak dira…

Beti pintatu duzu horrenbeste, ala orain gehiago? Orain gehiago, noski. Nire espazio bitala dudanetik. Galdetuko bazenit zenbat margolan ditudan, ez nizuke jakingo erantzuten. Nire ibilbidean zehar, historiako pintore nagusien obrak landu ditut: Tapies, Picasso, Vicente, Palazuelo… Fetitxeak ere bai, inkonprendituak, askok bere buruaz beste egin zutenak: Marotko…

Hiru hilabeteotan zer pintatu duzu? Inspirazioren bat bilatu behar izan dut eta oraingoan Picasso izan da, baina niretzat XX. mendeko abangoardia guztiak dira inspirazio iturri: inpresionistak, Picasso kubismoaren prekursore moduan, Candinskyren espresionismoarena, Malebichen eskola errusiarra...

Zu erakarri egiten zaitu horrek… Ni erakartzen nau iraultzak. Ni iraultzailea naiz, sosegatuagoa eta lasaiagoa emozionalki duela hogeita hamar urte nire enpresa sortu nuenetik, baina iraultzailea. Ni naiz 70-80. Hamarkadako superviviente bat... 

Zergatik Picasso?

Picasso genio bat zen eta ertz guztiak landu zituen. Denak balio zion. Zaborrik zaborrenak ere bai. Nik zaborrarekin lan egiten dut. Nire euskarria zaborra da. Asko margotzen dut kartoian, inprenta eta enmarkatzaileek botatzen dituzten materialetan. Eskulturak ere txatartegietako, zerrategietako ondarrekin egiten ditut. Nire leloa ondorengoa da: denak balio du eta zerbaitek ez badu balio, erabili artea egiteko.

Zure ustez arteak zein ekarpen egiten dio gizarteari?

Egiteko modu berriak, bisio berriak… Behin Portaleako erakusketa batera etorri zen emakume bat eta gelditu zen sarrerako atean, erdibidean, ez kanpoan eta ez barruan, eta esan nion: “Emakumea, sartu zaitez! Sarrera debalde da ta… Sartu eta gozatu zazu!”. “Eske niri ez zait artea gustatzen!”, esan zidan berak. “Baina Andrea, ez ezazu horrelakorik esan hemen, oraindik deskubritzeko zauden zerbaiten atarian egon zaitezke eta. Emaiozu aukera bat zure buruari!”. Artea hain da zabala... Esatea artea ez zaizula gustatzen da esatea bezala… Ez dakit... Ez zaizula gustatzen lo egitea. Ireki zazu burua pixkat.

Zuk arte galeria bat zabaldu zenuen herrian…

Bai, artearen maisu handiak ekarri nituen hona. Galeria denak ixten ari diren garaiotan Plazentzia moduko herri txiki batean arte galeria bat zabaltzea erokeri bat da.

Ikusten dut oraindik sinesten duzula arteak mundua alda lezakeela, ze ondare industrialaren gaineko argazki-erakusketa bat antolatu duzu helburu horrekintxe.

Bai, bai. Nik utopia bizi dut, utopia egingarria. 

Aspaldian burutik kendu ezin dudan gaia da SAPArena. Arte galeria ere helburu horrekintxe zabaldu nuen, arduradun politikoak eta herritarrak pabiloi horien balioaz eta garrantziaz ohartarazteko. Urte hauetan etengabe jardun izan diet politikariei… eta eraikin bat Udalari esleitu badiote, zeozer egingo zuten, baina askoz gehiago egin daiteke. Eraikin horiek hondare historiko industrial moduan katalogatuta daude baina falta dena da arkitekto baten bitartez instituzio publikoek hala izendatzea, eta behin hala izendatuz gero, ikutuezina da eta enbargagarria.

Eraikin horiei beste erabilera bat eman beharko litzaieke, esentzia mantenduz. Horixe da gaur egun herrialde aurreratu guztiek egiten dutena eta baita gure inguruko herriek ere. Eraikin horiek Plazentziaren mendetako historiaren azkenengo arrastoa dira, gainerako guztia desagertu egin da: konbentua, Erregetxea, labaderoak, errotak, ferreriak, etxepe guztietan zeuden tailerrak… Dena espoliatu dute. Estatu guztiko arma museoetan daude Plazentziatik eroandako armak eta tresnak... Eta hemen ez dago plaka bat ere. Ez dezagun laga hori desagertzen, mesedez. SAPA da Plazentziak hazteko duen aukerarik onena.

Eskulturara nondik heldu zinen? Nire ofizioaren (hortzetako protesigilea) bitartez. Nik egunero funditzen ditut metala.