Uztaila | Efemerideak III

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 31a, 09:05

Zubi Nagusia lehenagoko aparkalekuekin.

Zubi Nagusiak mendez mende izan duen eraldaketa, Santiago eta Santa Ana jaien jatorria, euskal ikurriña udaletxeko balkoian jartzea onartu zutenekoa, Florencio Josepf de Lamot hil zenekoa eta 55 urte baino gehiagoz herriko pregoilari eta atabalari izan zen Ignacio Berraondoren gainekoak jasotzen ditu, besteak beste, uztailaren amaierako azken urteurren-sortak.

Uztailak 20

1598ko izurritearengatik Soraluzen gosea zabaldu zela eta, egun honetan udalak herritarrei proposatu zien bost gizon aukeratu diputatu... udalaren izenean hornidurak ekartzeko… diru maileguak bilatuz, herritarrak ez izateko goserik ezta beharrik. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Uztailak 21 

1549 urtean Juan Garcia de Uribarrik auzia zabaldu zion Udalari Gipuzkoako korregidorearen aurrean. Zubi nagusia egiteko 60 dukat mailegatu zion Udalari... baina mailegua ez zioten garaiz itzuli. 

Zubi hau ez da gaur egunekoa (XVIII mendean egina, XIX mendean berregina eta XX mendean zabalduta), baizik eta aurreko beste bat.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)


 
Uztailak 21 

1932 urtean soraluzetar batzuk euskal ikurriña opari zioten Udalari, Espainiakoaren ondoan erakusteko udaletxeko balkoian. 
Uztailak 7ko batzarrean eztabaidatu zuten gaia: jeltzaleak oparia onartzeko eta eskertzeko eskatu zuten; karlistek Eusko Ikaskuntzari galdetzeko zein den euskal ikurrina, eta bitartean ezer ez erabakitzeko; eta errepublikano-sozialistek ados, baina euskal ikurrina Espainiako bandera baino handiagoa ez izateko, eta bere eskumaldean zabaltzeko. 
Azkenean, erabakia hurrengo batzarrerako (1932/07/28) laga zuten. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)


 
Uztailak 21 

1936 urtean, gerra sortu zela eta, erdi bukatuta zeuden Vickers 40/40 kanoi antiaereoak Donostiara irten ziren... baina Bergarara helduta Eibarrera bidali zituzten. 

Kanoi hauek bukatzeke zeuden oraindik, eta Irungo frontera eraman zituzten. Emaitza kaskarrak zirela eta, SAPAko buruak kargutik kendu zituzten, heriotz mehatzuak izan ziren... 

Gerra bukatu eta gero kanoiak ganoraz konpondu zituzten, eta hainbat koarteletara bidali. Pelikula eta erreportaietan ere agertu izan dira. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 
Uztailak 25 

Uztailak 25, Santiago eguna, herriko jai nagusietako bat. 

Mendeetan Andramariak izan dira jai nagusiak, baina abuztuko oporrak orokortu zirenean, gero eta jende gutxiago geratzen zen. Horregatik Santiago-Santa Ana jaiei indarra eman zitzaien, eta Soraluzeko jai nagusiak bilakatu dira. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 25 

1717 Antonio Hidalgo de Cisneros Soraluzeko Erret Lantegien zuzendaria kexu agertu zen, 120 tresna behar baino beranduago egiteagatik. 

Halaxe idatzi zion Gerra Ministroari: …aste honetan ezinezkoa izango da, nahiz eta ahalegintzen ari naizen lana aurreratzeko; gaur Santiago Gure Patroia da; bihar Santa Ana, jai nagusia leku honetan eta inguruetan; martitzenean zezenak daude; eta larunbatean San Inazio Patriarkaren eguna, Probintzi honen Semea eta Zaindaria... 

Gainera, urte hartako Sanferminetan, Soraluzetik jende andana joan zen, armagileak beren erremintak salduta. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 25 

1952 urtean Krabelinatxeko buzoia inauguratu zuten, Galarraga-Untzeta izenarekin. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 

Uztailak 25 

1967 urtean, herriko jaiak zirela eta Gipuzkoako gobernadore zibila etorrita, hainbat herrilan inauguratu zuten: Zubi Nagusia, Udal liburutegia, Elizburuko iturria...
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 
Uztailak 26 

Uztailak 26, Santa Ana eguna, herriko jai nagusietako bat. 

Santa Ana jaiak betidanik ospatu dira Soraluzen, batez ere Santa Ana kalean. Baina abuztuko oporrak orokortu zirenean, Andramarietan herrian jende gutxi geratzen zenez, Santanak bilakatu dira Soraluzeko jai nagusiak. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 26 

2017 urtean, Los Mansos Soraluzeko taldearen 50 urteurrena ospatzeko, kontzertua eskaini zuten Soraluzeko jaietan.
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 


Uztailak 27 

1936 urtean, SAPAtik eraman zuten gerrarako erabilgarria izan zitekeen material guztia. 
Tartean bi kamioi kañoiez armatuak, beste bi kamioi blindatu, Mauser fusilak, polbora... 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 28 

1932 urtean aurreko astean (1932/07/28) erabilitako gaiari heldu zioten: euskal ikurrina Udaletxeko balkoian jarri ala ez. 
Hasteko, Eusko Ikaskuntzaren iritzia irakurri zuten, euskal ikurrinaren erabilera orokorra "ezin da izan inolako alderdikeria, baizik eta euskaldunen batasun espiritualaren adierazpena baizik". 

Azkenean euskal ikurrina, eskaeraren sinatzaileek ordaiontzekoa, Udaletxeko balkoian jartzea onartu zuten: erdian Espainakoa, bere eskuman ikurrina eta ezkerrean Soraluzekoa. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen)


 
Uztailak 29 

1880 urtean Juan Víctor Ybarra Cortazar hil zen, Soraluzen. 

Jose Ignacio Ybarraren seme zaharrena, Soraluzen jaio zen (1845/03/06). Bartzelonan injeniaritza industrialaren titulua eskuratu zuen. Azpeitiako La Azpeitiana fusil lantegian lan egin zuen, eta hobekuntza batzuk patentatu zituen. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 29 

1926 urtean Gaceta de Madrid-en Juan Ignacio Obiaga Fundazioa ongizate-hezkuntza modukoa sailkatzeko agintea agertu zen. 

Aginte horrekin batera, orduko arduradunei eskatzen zieten kapitalaren bilakaera azaltzeko, batez ere murrizketaren arrazoiak. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 30 

1779 urtean Florencio Josepf de Lamot hil zen, Soraluzen, 78 urte zituela. 

Ballerbi-n (Flandria) 1701ean jaioa, armagilea izateaz gain Soraluzeko Erret Lantegien ordezko kontadorea izan zen, eta ikuskatzailea gero. 

1756 urtean grabatu bat egin arazi zuen Madrilen, Mapa Topographica de la circunferencia de los lvgares de Plasencia y los Rea.s Almacen.s de la Fábrica izenekoa, eta liburua ere argitaratu zuen: Descripción y noticia distinta del origen y establecimiento, antigüedad y gobierno de las Reales Fábricas de armas de la villa de Plasencia en Guipúzcoa. Alteraciones y mudanzas que ha tenido desde el año 1583 hasta el año 1756. Tamalez, ez da gordetzen liburu honen alerik. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 
 
Uztailak 30 

1928 urtean Sociedad Cooperativa Popular-rari estatutu berriak onartu zizkioten. 
1930 hamarkadan ere Zintzotasunak (socorros del Círculo Tradicionalista) ere estatutuak aldatu zituen. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 30 

Sasoi batean, eta egun honetan hasita, Txurruka bailarako jaiak izaten ziren. 

2000. urte inguruan, gero eta jende gutxiago zetorrela eta, utzi egin zioten San Inazioetako erromeria antolatzeari. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 


 
Uztailak 31 

1858 urtean Ignacio Berraondo Aguirre, Tanbor, jaio zen. 
55 urte baino gehiago bete zituen herriko pregoilari eta atabalari moduan. Donostiako prentsan, zein Txistulari eta La Baskonia aldizkarietan agertu zen. 

(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.